Bost lagun epaituko dituzte irailean, Ondarroako herri harresian parte hartzeagatik

Eleak mugimenduak jakinarazi duenez, datorren irailaren 24an bost lagun epaituko dituzte, iazko maiatzean Urtza Alkortaren alde Ondarroan egin zen herri harresian parte hartzeagatik.

NAIZ|BILBO|2014/08/08 10:00|0 iruzkin
Ondarroa
Iazko maiatzaren 15ean desegin zuen Ertzaintzak Ondarroako herri harresia, Urtza Alkorta atxilotzeko. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)

Ohar bitartez Eleak mugimenduak adierazi duenez, irailaren 24an bost lagun epaituko dituzte Ondarroan Urtza Alkortarekin elkartasunez antolatu zen ekimenaren harira.

Zehazki, lauri «agintearen aurkako atentatua» egitea egozten diete, eta bi urteko espetxe zigorra eskatu dute haien aurka. Bosgarrenari ordena publikoaren aurkako falta leporatzen diote.

Orotara, isunetan 8.850 euro eskatzen dituztela gaineratu dute.

Epaiketa honetaz gain, oraindik data zehaztu gabe dauden beste batzuen berri eman du Eleak mugimenduak: Batetik, bi donostiarrentzako 15 hilabeteko espetxe zigorra eskatzen dute, Gipuzkoako hiriburuan burutu zen herri harresiaren harira.

Bestetik, hirugarren donostiar bat epaituko dute, Ekaitz Iberoren atxiloketaren harira. Oraindik ez dakite zein delitu leporatzen dioten.

Testuinguru honetan, Ertzaintzaren eta bere arduradun politikoen jarrera gaitzetsi ditu Eleak mugimenduak, eta aipatu epaiketak «disidentzia eskubidearen aurkako eta salbuespen politiken aldeko ekimen errepresiboak» direla salatu.

«Honek erakusten digu eskubide zibil eta politikoen aurkako jarrera, gure eskubideen aurkako erasoak, Euskal Herriko administrazio eta polizien eskutik ere pairatzen ditugula», azpimarratu dute.

Hori dela-eta, «gure herritik bertatik abiatutako errepresioarekin atzerritik heldutakoarekin egin bezala jokatzeko» deia luzatu du Eleak mugimenduak.

«Jarrai dezagun auzipetuen eta disidentzia eskubidearen aldeko lanean, jarrai dezagun gure eskubideak praktikatzen», aldarrikatu dute.