@Maider Iantzi
DONOSTIA

Jasaten ari den «jazarpen jarraitua» salatu eta Parisko Bake Konferentziari lotu zaio Etxerat

Apirilean Intxaurrondo eta La Salveko komisaldegietara deklaratzera joateko Guardia Zibilak deitu zituen Etxerateko 127 kideetako hamaikak  jaso dute orain arte zitazio judiziala, kartzelan dituzten senideek euren defentsarako aukeratu dituzten abokatuen kontrako "Mate" operazioaren testuinguruan. Eta 14 dira Madrilgo epaitegi zentralean eta oraindik ezezaguna zaien arrazoi batengatik uztailaren 7 eta 8an deklaratzera behartuak izanen direnak. Antolatzen ari diren elkartasun ekintzei adi egoteko eskatu die Etxeratek herritarrei.

Etxeraten agerraldia Donostian izan da. (@EtxeratElkartea)
Etxeraten agerraldia Donostian izan da. (@EtxeratElkartea)

Euskal preso politikoen senideen kontrako «nahasmen estrategia» baten barrenean ulertzen ditu Etxeratek bertako hamaika kidek jaso dituzten zitazio judizialak.  Inkisizio garaian «gaizki deituriko sorgin ehiza» ekartzen die gogora, «gaur beste izen batez dirauena».

Aste honetan bertan presoen egoeraren aurkako «estutze» bat dagoela aipatu du elkarteak. Abokatuen kontrako "Mate" operazioarekin lotuta 127 senidek etxeetan jaso dituzten Guardia Zibilaren bisitak –batzuk kalez jantzita– eta telefono deiak –batzuetan desorduetan–, «izutzeko asmo garbiarekin» eginak, ikusita ez dute zalantza izpirik: «Etxeratek lan egiten duen alorrean, Giza eskubideetan, jazarpen jarraitua bizitzen ari gara. Gure egoeran eragiteko nahia duen erabateko jazarpen orokor baten aurrean gaude».

Urtzi Errazkin eta Patricia Belez bozeramaileek hainbat senidez inguratuta emandako prentsaurrekoan jakinarazi dutenez, ondokoa da 2015eko «joera bilatua»: «Higadura, beldurra eta ziurgabetasuna sortu nahi duten adierazpen, aipamen, ekintza edo salaketez hedabideak maiztasunez zipriztintzea». Baina, argitu dutenez, higatzen doan gauza bakarra, nahi baino astiroago bada ere, «euren gezurren irismen eta indarra da».

 Parisko Bake Konferentziaren bidetik

«Saiatu arren entzungorrarena egin ezin duten» bi estatuez ari da Etxerat, espainiar eta frantziar estatuez. Ostegunean Paris «esperantzaren hiriburu» izendatu zuen Bake Konferentziari lotzen zaio elkartea, «bi estatuen gainetik, senideek eta euskal preso politikoek bizi duten salbuespenezko egoerarekin bukatu nahi duen gizartea dagoela erakutsi duelako».

Senide izaerak «erasoen xede» egiten dituela oroitu dute, baita «xantaien helburu ere, kartzelan direnei xantaia egiteko modu zuzena» delako. Eta hori ez dela bakerako bidea berretsi dute: «Hori bakeari aurre ez egiteko gobernu espainiarrak hautatu duen bidea da, gure sufrimendua garaipen bezala salduz».

Bitartean, Etxeraten besoek senideak babesten segitzen dute. Iragarri dutenez, zitazio hauen harira elkartasun ekintzak eginen dituzte deklarazioen aitzinetik eta horien berri emanen dute prentsaurreko batean. Datozen egunetan zabalduko dituzten mobilizazioei adi egoteko eta hauekin bat egiteko eskatu diete herritarrei.