@GARA_rpascual
BILBO

Zubiak, oihalak eta borondateak, Bilbon bat eginik

Milaka pertsonek Euskaldunako eta Arriagako zubien arteko oihal katea osatu dute Bilbon. Sekula baino koloretsuago jantzita, erabakitzeko eskubidearen aldeko borondateen topaleko izan da Bizkaiko hiriburuko erdigunea.

Erabakitzeko eskubidearen aldeko festa apartak hartu du, ilusioz eta kolorez, Bilboko erdigunea.

Eguerdia iritsi baino dezente goizago koral koloreko elastikoak nonahi ikus zitezkeen, ondoren osatuko zen oihal katearen arrakastaren aurrekari gisa-edo.

Ehunka boluntarioren laguntzaz, herrika sailkaturik lekua hartzen joan dira katebegi guztiak goizean goiz ezarritako koloretako oihalen inguruan.

Suziriak katearen hasiera iragarri duen une beretik, oihalak eskuetan hartu eta festak eztanda egin du Bilbon. Eguzkiak oso indartsu jo du, baina bero zapak ez ditu Bizkaiko hiriburuan bildutakoak kikildu. Hori bai, biserak, krema eta eguzkitarako betaurrekoak ezinbesteko egin dira igande honetan.

Kantuz, txalapartak lagunduta, trikitixa doinuz, dantzan... Giro ezin hobean pasa dituzte kateak iraun dituen 30 minutuetan. Ilusioz, gogoz eta, batez ere, irribarrez astindu dituzte gaurkoan aurrez herriz herri ehundutako koloretako oihalak. 

Adin guztietako gazteek, elkarren ondoan jarrita, oihala astintzen, argi adierazi nahi izan dute erabakitzeko eskubidea gauzatzea herritarron esku dagoela.

12.30ean, bigarren suziri batek eta herritarren txalo zaparrada batek eman dio amaiera Bilboko oihal kateari. Baina festa ez da inolaz ere amaitu, eguneko hitzordu nagusia San Mames futbol zelaian egingo den ekitaldia baita.

Oihal katean izan den Andoni Aizpuruk adierazi du oraindik sarrera erosi ez dutenek badaukatela aukera bat lortu eta arratsaldeko zita handiarekin bat egiteko. «San Mames beteko dugu!», aldarrikatu du, ozen, euskaraz eta gazteleraz.

17.30ak iritsi bitartean ez da zer eginik faltako Bilbon, oihal katea bukatu bezain pronto joaldunek, erraldoiek eta abarrek hartu baitute lekukoa. Eta, noski, mokadutxo bat egin edo zerbait edtako parada ere izango da, Areatzan propio jarritako postuetan.