NAIZ

Lorentxa Guimonen askatasuna aldarrikatuko dute otsailaren 20an Rennesen

Bretainiako Rennes hirian mobilizazioak izango dira otsailaren 20an, Lorentxa Guimon larriki gaixo dagoen presoaren askatasuna aldarrikatzeko. Aurreko egunean, elkarretaratzea izango Angeluko herriko etxean.

Bagoazek iragarri du otsailaren 20an Rennesera bidaiatuko dutela Lorentxa Guimonen askatasuna aldarrikatzera. (Isabelle MIQUELESTORENA)
Bagoazek iragarri du otsailaren 20an Rennesera bidaiatuko dutela Lorentxa Guimonen askatasuna aldarrikatzera. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Larriki gaixo dagoen Lorentxa Guimon presoaren egoera salatu asmoz eta bere askatasuna aldarrikatzeko Bagoazek, Renneseko sustengu taldearekin batera, mobilizazioak antolatu ditu Bretainiako hiriburuan otsailaren 20rako.

Euskal Herritik autobusak antolatuko dituzte Guimoni elkartasuna eraman asmoz. «Holllande eta Vallsen gobernamendua bere arduraren aintzinean eman nahi izan dugu», adierazi dute ohar baten bidez. Zentzu honetan, sustengu ugari bilatu dituzte azken asteetan, atzo kargua utzi zuen Christiane Taubira Justizia ministro ohiari gutunak idatziaz.

Kanpaina honen baitan, hainbat hautetsik eta Larzabal ikastetxeko ikasle, irakasle eta gurasok (bertan ikasten du alabak) hartu dute parte, besteak beste. Bretainian bertan ere sustengu sare bat antolatzen ari da sindikatu, hautetsi eta herri mugimendu desberdinekin.

«Lorentxaren egoerak txarrera egin du azken hilabete hauetan eta bitan Renneseko hospitalean sartu dute», adierazi dute. Baldintzapeko askatasun eskaerari erantzuna otsailaren 25an emanen zaio. «Euskal presoen kontrako mendeku politikoa salatu nahi dugu, agerian da bereziki Lorentxaren kasuan. Iragan abenduaren 24an epaileek bere askatasuna onartu zuten baina berriz ere prokuradoreak dei egin zuen. Onartua izan zen beharrezkoa delako, Lorentxa ongi artatua izan dadin. Erabaki hauek erabaki politikoak dira, erabaki errepresiboak, eta frantses Gobernamenduak onartu beharko dituenak», gehitu dute. Erabakiaren bezperan, otsailaren 24an, elkarretaratze bat antolatuko dute Angeluko herriko etxean.