NAIZ
GASTEIZ

Presoen egoera «kronifikatu» ez dadin urratsak emateko beharra helarazi dio Sarek Urkulluri

Sareren ordezkaritza bat Iñigo Urkullu lehendakariarekin eta Bake eta Elkarbizitzako idazkari nagusi den Jonan Fernandezekin bildu da Gasteizen euskal presoen egoera aztertzeko. Gasteiz, Iruñea eta Madrilgo parlamentuetako gehiengo berriak presoen aferari irtenbide bat emateko baliatu beharko liratekeela adierazi dio ekimen herritarrak Lakuako Gobernuari.

Sareko kideak, Iñigo Urkullu eta Jonan Fernandezekin eginiko bileran. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Sareko kideak, Iñigo Urkullu eta Jonan Fernandezekin eginiko bileran. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Alderdi politiko eta erakunde desberdinekin egiten ari den harremanen baitan, Iñigo Urkullu eta Jonan Fernandezekin bildu dira Sareko kide diren Inaxio Oiarzabal, Luis Galdos eta Joseba Azkarraga.

Egiten duen lanaren eta euskal presoen eskubideen defentsan beharrezkoen ikusten dituzten arazo nagusien berri eman die Sarek eta, horrez gain, larriki gaixo dauden presoen egoera jorratu dute bereziki bileran.

«Gero eta gehiago dira, eta gaixotasun larriagoekin gainera, eta beharrezkoa dute beraien askatasuna lortu, behar bezala tratatuak izan daitezen eta kartzelaren ingurunetik kanpo», esan du, zentzu horretan, Sarek.

Egoera honen aurrean, apirilaren 8an Gasteizen egingo duen manifestazioaren garrantzia azpimarratu du ekimen herritarrak.

Era berean, politikagintzatik eta parlamentutik helburu hauen baitan aurrerapausoak ematearen nabarmendu du Sarek, bakean eta elkarbizitzan oinarritutako gizarte baten eraikuntzan aurrera egin ahal izateko.

Efe agentziari eginiko adierazpenetan Joseba Azkarragak esan du Madril, Gasteiz eta Iruñeko parlamentuetako «gehiengo berriak» aprobetxatu behar direla presoen afera ez dadin «kronifikatu». Izan ere, Azkarragaren iritziz, «ez dauka zentzurik» ETAren jarduera armatua bukatu eta sei urtera urratsik eman ez izana.