«Garrantzitsuena da lotsa galtzea eta txarto hitz egiteko beldurrik ez izatea»

(Korrikaren istorio batzuk: 5) Ana Salido Solar santurtziarrak ez zuen euskaraz ikasteko aukerarik izan, ekin zion heldutan eta utzi ere bai. Berriz ekin dio eta gustura dago orain, «euskara frexkua» duela dio ironiaz, bost urte doa jarraian ikasten AEKn eta garrantzitsuena «lotsa galdu» eta «txarto hitz egiteko beldurrik ez izatea» dela dio.

Asier BURGALETA | Maite BIDARTE | Ion TELLERIA|SANTURTZI|2017/04/07 08:40
Loading player...

Santurtzin ere jendetza batu da Korrikari harrera egiteko, petoa txukun atonduta zain dagoen horietako bat da Ana Salido. Elkarrizketa amaitu ostean mezu bat nabarmentzeko eskatu digu, «inoiz ez da berandu euskara ikasteko». Berak ere heldutan ikasi behar izan du, umetan ez baizuen horretarako aukerarik izan.

Alaba jaio orduko euskara ikasteko asmoa zuen Anak, baina utzi egin behar izan zuen lana eta familia tarteko. Orain bost urte ekin zion berriz, «bost urte jarraian daramatzat AEKn eta oso gustura nago, etxean egongo banintz bezala sentitzen naiz bertan».

Aurtengorako erronka C1 azterketa gainditzea du baina ez dago larrituta emaitzarekin, «azkenean helburua hitz egitea zen eta hori lortu dut», ironiaz gehitu du, «beno... euskara frexkua daukat!». Ikasketa prozesu horretan uste du garrantzitsuena «lotsa galtzea eta beldurra kentzea» direla, «ez da izan behar beldurrik txarto hitz egiteko, horrela ikasten da... mutu geratzen bazara...»

Euskarak eman dionaz galdetuta zerrenda luzea du aipatzeko. Santurtzin bertan daramaten berbalagunen ekimenaren bidez ezagutu duen jendea du hizpide, seme-alabekin euskaraz hitz egiteko aukera eman diola, euskal kultura eta musika ulertzeko bidea... «Hizkuntza bat ikastea oso ona da, baina hizkuntza hori gurea bada... zer esanik ez!» dio, «beste mundu bat agertzen zaizu». 

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK