NAIZ

#AskatasunaFree, zer da zuretzat?

Udararekin batera leiho bat ireki nahi diogu askatasunari, denon artean hitz eder hau irudikatuz. Bidali zuen argazki, irudi edo bideoak eta irabazi bi lagunentzako bi bidaia zoragarri eta bi eguneko egonaldi bat.

Donostiako Piraten Abordaiako irudi bat. Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS
Donostiako Piraten Abordaiako irudi bat. Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS

Kresalaren usaina barruraino sartuta, itsasoak eta zeruak bat egiten duten urdinera begiratuta senti daiteke askatasuna. Neke eta izerdien ostean, mendi gailurra zapaltzean, bai eta itsaso zabalera salto egin eta bertan murgiltzean. Askatasuna hitz eder bezain zabala da. Zer da zuretzat askatasuna? Gustua baduzue hitz honen iruditegi kolektiboa osatu nahi dugu zuekin. Gaurtik hasi eta datorren irailaren 21 arte askatasuna inspirazio iturri duten irudi, argazki eta bideoak bildu nahi ditugu, denon artean askatasuna irudikatzeko.

Nola parte hartu? Irudikatu askatasuna eta bidali memento horien argazki, irudi edo bideoak askatasuna@naiz.eus helbide elektronikora edota Portuetxe, 23-2a. 20018 Donostia helbidera. Twitter eta Instagram sare sozialetan ere bilduko ditugu, horretarako #AskatasunaFree hasthag erabili beharko da.

Jasotzen ditugun argazki guztiak Naizen, – eta bere sare sozial guztietan– izango dira ikusgai. Horietako batzuk gainera, Zazpikan argitaratuko dira udako igandeetan.

THINKSTOCK

Sariak

Parte hartzaile guztien artean, hiru sari banatuko ditugu. Lehen biak Ibiltari Bidaiak agentziak eskaini dizkigun bi lagunentzako bi bidaia dira. Irabazleek Munich, Lisboa , Istanbul, Berlin edota Brusela artean erabaki ahalko dute.

Lehen bidaia parte hartzaile guztien artean zozkatuko dugu. Ibiltari Bidaiak agentziak eskainitako bigarren bidaiaren irabazlea, aldiz, Zazpikako editore grafikoak erabakiko du.

Jasotako bideoen artean ere zozketa berezi bat egingo dugu aurtengoan eta irabazleak Etxebarriako (Bizkaia) Antsotegi hotelean bi eguneko eta bi pertsonako egonaldia irabaziko du.

Partaide bakoitzak nahi beste irudi, bideo edo argazki igorri ditzake, zozketan parte hartzeko, baina, desberdinak izan behar dute.

Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS

-Bidaia bi lagunentzako izango da eta bost egun eta lau gauez gozatu ahalko da hautatutako hirian, alojamendu eta gosaria erregimenean. 2017ko ekainaren 20 baino lehen egin beharko da bidaia, beti ere, behe denboraldian, hau da zubiak, Gabonak edota Aste Santua ez den egunetan, eta baldintza bakarra bidaiatu baino 60 egun lehenago Ibiltari Bidaiak agentzian izen-ematea da.

-2 pertsonentzako logela + gosaria biltzen duen saria da Antsotegi hotelak eskaintzen duena, beti ere goi-denboralditik kanpo erabiltzeko.