@gara_olarretxea
Donostia

Alde Zaharrean hotel berri bat zabaltzeko baimena eman du Donostiako Udalak

Kale Nagusiko 18. zenbakian egongo da kokatua, eta eraikin osoa hartuko du hotelak. Hain justu, duela hilabete batzuk gazte talde batek solairu bat okupatu zuen espekulazioa eta auzoan etxebizitza aukera murrizten ari dela salatzeko. EH Bilduk lizentziari helegitea jarriko diola iragarri du.

Hotel berria Santa Maria basilikaren parean aurreikusita dago. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Hotel berria Santa Maria basilikaren parean aurreikusita dago. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Hotela Santa Maria basilikaren aurrean dago aurreikusita, Donostiako Kale Nagusiko 18. zenbakian. Lau izar izango ditu, sei solairu eta 29 logela. Zurrumurruak bete egin dira eta eraikina erosi zuen ostalaritza enpresariak bere proiektua egin ahal izango du, Udalak iragan abenduaren 27an baimena eman ondoren, Enrique Ramos Hirigintza zinegotziaren sinaduraz.

EH Bilduk gaur goizean baieztatu du albistea, izan ere Goiaren gobernuak argi berdea emateko hautatutako prozedura tarteko, ez da publiko egin. «Zinegotzi delegatuaren sinaduraren bidez eman da, Tokiko gobernutik pasa gabe. Honek esan nahi du –erantsi du koalizioak– operazioa gardentasunik gabe egin dela, formula honek Udal Idazkaritzaren oniritzirik ez duelako behar eta, gainera, herritarrek informazioa eskuratzeko zailtasun gehiago izango dituztelako».

Udala pisu turistikoak erregulatu asmo dituen ordenantza amaitzen ari dela heldu da berria. Otsaileko udalbatzan da onartzekoa eta, bertan, Alde Zaharra asetutako zonaldea dela jasotzen da. Lizentzia berririk emango ez dela erabaki zen arren, hotela egiteko baimena eman zaio ostalariari dagoeneko martxan zeuden eskaerak aztertuko zituela baieztatu baitzuen Udalak berak ordenantza berriaren oinarria aurkeztu zuenean. Orain, begibistakoa da enpresariaren eskaera onartu duela.

Helegitea aurkeztuko du EH Bilduk

Lizentziak «irregulartasunak» dituela iritzita, Ricardo Burutaran EH Bilduko zinegotziak helegitea jarriko dutela aurreratu du. «Eraikin oso baten erreforma integrala dela begi-bistakoa den arren Udalak emandako lizentzia erreforma arrunta egiteko da». Honela, salatu dutenez, Alde Zaharreko Birgaitze plana ez du bete beharko. «Erreforma integrala izango balitz, eraikinaren solairuak mugatu beharko lituzke, seitik laura». Hau da, hotelak bi solairu gutxiago izango lituzke eta, honek, jabeari mozkin gutxiago emango lizkioke, ohartarazi du.

Iragan irailean EH Bilduk ohartarazi zuena berretsi nahi izan du Burutaranek gaur: «Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldakateraen atzerapenak hotel gehiago ezartzea ahalbidetuko du».