Parisko Auzitegiak informazio gehigarria eskatu du Iratxe Sorzabali buruz erabaki aurretik

Parisko Apelazio Auzitegiak ez du erabakirik hartu Iratxe Sorzabalen aurkako hiru euroaginduei buruz eta irundarrak egin zuen tortura salaketari buruz informazio gehigarria eskatu dio Auzitegi Nazional espainolari. Hori jaso ostean, beste saio batean aztertuko dute auzia.

NAIZ|PARIS|2018/01/17 14:40
Sorzabal
Iratxe Sorzabal, 2000. urteko argazkian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Parisko Apelazio Auzitegian gaur aztertu dute Iratxe Sorzabalen aurkako hiru euroaginduei buruzko auzia, baina gaurko saioan ez du erabakirik plazaratu eta informazio gehigarria eskatu dio Auzitegi Nazional espainolari.

Auzitegi espainoleko Ismael Moreno eta Velasco epaileei argibide hauek eskatu dizkie, besteak beste: zein deliturengatik atxilotu eta inkomunikatu zuten irundarra 2001ean; ea Sorzabalek torturak salatu zituen eta zein prozedura erabili zuen; zein bilakaera izan zuen bere salaketak; ea berak eginiko adierazpenez aparte beste frogarik baduten leporatzen dizkieten delituak leporatzeko...

Horrekin batera, Sorzabalen prozesamendu eta espetxeratzeko autoak bidaltzeko ere eskatzen dio Auzitegi Nazionalari.

Abokatuak azaldu duenez, martxora arteko epea dute agintari espainolek informazio hori guztia igortzeko, eta behin jaso ondoren beste saio bat egingo da Parisko Apelazio Auzitegian hiru euroagindu eskaeren inguruan erabakia hartzeko.

Parisko Auzitegiak Sorzabalen tortura salaketa aintzat hartu zuen eta Istanbulgo Protokoloa aplikatzea onartu zuen, irundarraren defentsak eskatuta. Izan ere, bere aurkako hiru euroaginduen oinarrian Guardia Zibilak Hernanin 2001ean atxilotu zuenean inkomunikaziopean bere burua autoinkulpatuz egin zituen adierazpenak dituzte oinarri. Atxiloketa hartan tortura latzak jasan zituela salatu zuen Sorzabalek epailearen aurrean.

Auzitegiak izendatutako adituek Sorzabal bisitatu eta txostena egin zuten, eta bertan adierazi zuten irundarrak dituen ondorio fisiko eta psikologikoek bere tortura salaketa baieztatzen zutela «modu sinesgarrian».

 

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK