NAIZ
DURANGO

Artxibatu egin dute Durangoko bonbardaketagatik Udalak aurkeztu zuen kereila

Durangoko Udalak eta hainbat elkartek osatzen duten 1937ko Martxoak 31 Batzordeak Durangoko bonbardaketagatik aurkeztu zuten kereila artxibatu egin du epaitegi batek. Aitziber Irigoras alkateak helegitea jarriko du.

Durangoko bonbardaketaren egileen aurkako kereilaren aurkezpena, iazko uztailaren 18an. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)
Durangoko bonbardaketaren egileen aurkako kereilaren aurkezpena, iazko uztailaren 18an. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)

Durangoko Udalak, alderdiekin eta herriko hainbat elkarterekin adostuta, kereila aurkeztu zuen joan zen uztailaren 18an 1937ko martxoaren 31n, apirilaren 2an eta 4an hiria bonbardatu zuten Aviazzione Legionariako pilotu eta abiadore italiarren aurka.

Durangoko epaitegiak auzia behin behinean artxibatzea erabaki du, Durango 1936 elkarteak jakinarazi duenez. Epaileak argudiatu duenez, ez da frogatu bonbardaketaren egileak kereilan ageri direnak izan zirela.

Durango 1936 elkarteak gogor salatu du artxiboa eta zera galdetu du: «Ez al dira gertaera zehatzak eta kondenagarriak salatu? Zer ulertu behar dugu, ez dagoela argi salaketan adierazten dena gertatu zela? Ez ote zen, beraz, Durango bonbardeatua izan 1937ko martxoaren 31n? Ez al dira egileak identifikatu?».

Azaldu duenez, kereila aurkeztu zenean pilotu eta abiadoreen zerrenda aurkeztu zen, izen-abizenekin. «Nondik aterata? Hegazkinetako egunerokoetatik, non bonbardaketak egin zituztela idatzita dagoen. Kasuren batean bonbardeoaren beraren argazkiak ere atera zituzten, gainera», gogoratu du.

Horregatik, ez duela «ezer ulertzen» nabarmendu du eta epaileari galdetu dio ea salatzaileak frogatu behar al duen «salatuak bizirik dauden». «Salatzaileak dena frogatu behar badu, zertarako dugu justizia sistema?».

Durangoko alkatea Aitziber Irigorasek helegitea jarriko du, elkarte honek jakinarazi duenez.

Urtarrilaren hasieran, Bergarako epaitegiak Elgetako Udalak frankismoaren krimenen aurka aurkeztu zuen kereila artxibatu zuen.