Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA

Mendizale britainiarra bilatzeko lanak abiatu dira gaur goizean Bidarrain

Owen Davies Senperen bizi den britainiarra bilatzeko lanak gaur goizean abiatu dira. Bidarraiko plazatik lagun taldea atera da mendi irteera batean galdu omen zen herritarraren arrastoen bila.

65 urteko gizona urtarrila bukaeran ikusi zuten azkenaldiz. Bakarrik bizi zen, Senperen, eta sarri mendirat joaten zen. Bere autoa, hain zuzen, Bidarrain azaldu zen, mendizaleek baliatzen duten Basagarreko aparkalekuan.

Autoa urtarrilaren 24an atzeman zuten bertan. Izan ere azken asteotan gizonezkoak zituen hainbat hitzorduetara azaldu ez izanak alarma piztu zuen.

Asteartean Pirinio Atlantikoetako Jendarmeriak bere etxea arakatu zuen. Zabaldu denaren arabera, deus berezirik ez zuen atzeman. Owen desagertu aitzin berarekin izan ziren lagunen lekukotasunak biltzeko lanean da Polizia.