NAIZ
Irun

Torturaren aurkako egunaren harira hainbat ekitaldi antolatu ditu Kalera Kalerak Oarsoaldean

Kalera Kalera dinamikak hainbat ekimen antolatuko ditu Oarsoaldean, torturaren aurkako egunaren harira. Justizia, aitortza eta erreparazioa aldarrikatuz, otsailaren 9an Parisera martxa egingo dute, Iratxe Sorzabalen epaiketara. Hilaren 13an, torturaren aurkako egunean, hitzaldi bat egingo dute eta otsailaren 17an ekitaldia antolatuko dute Urdanibia plazan.

Kalera Kalerak torturaren aurkako eguneko ekitaldien aurkezpena egin du Irunen. (Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS)
Kalera Kalerak torturaren aurkako eguneko ekitaldien aurkezpena egin du Irunen. (Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS)

Kalera Kalera dinamikak prentsaurrekoa eskaini du Irunen torturaren aurkako egunaren harira antolatu diren ekitaldiak aurkezteko. Tortura pairatu duen Juanjo Rojo herritarrak aurkeztu ditu ekimenak. Tortura «sistematikoa» izan dela azpimarratu du eta «korapilo hori askatu ezean, normalizaziorik ez dela izango» gehitu.

«Ondo baino hobeto dakigu zeri buruz ari garen: minaz, sufrimenduaz eta inpunitateaz. Urteak pasa dira torturatu gintuztenetik, bizipen horiek mingarriak baldin badira, are mingarriagoa da oraindik aitortzarik ez dugula», adierazi du.

Honen aurrean, justizia, aitortza eta erreparazioa aldarrikatu ditu. «Bakean eta bizikidetzan oinarritutako herri bat eraikitzeko gatazkaren ondorio guztiei erreparatu behar zaie», nabarmendu du. Zentzu berean, estatu eta EAEko administrazioei «behingoz» herritarrak «modu sistematikoan torturatu zituztela» onartzea eskatu diete. Bide horretan kokatu du 4.113 tortura kasu onartu dituen Lakuaren enkarguz egindako txostena. «Konplizitateak asko izan ziren horrek guztiak inpunitate osoa izateko».

Torturapean lortutako testigantzak baliogabetzea

Min horren aurrean, erreparazioak «arintzen» lagunduko lukeela baieztatu dute. «Posible da aurrerapausoak ematea alor honetan». Hala, torturapean lortutako testigantzak baliogabetzea eskatu du Kalera Kalerak.

Era berean, torturak ez errepikatzeko «bermeak» aldarrikatu dituzte. Helburu hauekin, hainbat ekimen antolatu dituzte datozen egunetan. Otsailaren 9an Parisera martxa egingo dute, Iratxe Sorzabalen epaiketara. Hilaren 13an, torturaren aurkako egunean, hitzaldi bat egingo dute eta otsailaren 17an ekitaldia antolatuko dute Urdanibia plazan