NAIZ
GASTEIZ

25 urtetan, %20tik 33ra pasa da euskara ama hizkuntza duten EAEko gazteen kopurua

Euskara ama hizkuntza duten 16 eta 24 urte bitarteko EAEko gazteen kopurua %20,4tik %33,1era pasa da 25 urtetan, 1991tik 2016ra.

Otsailaren 21ean ospatzen den Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Egunaren harira, EAEri dagozkion datuak biltzen dituen oharra kaleratu du Lakuako Gobernuaren Enplegu eta Gizarte Politika Sailak.

Haurrak 3 urte bete arte etxean jasotzen duen hizkuntzari deitzen zaio ama-hizkuntza.

Informazio hori kaleratzeko, Kultura eta Hizkuntza Politika saileko Euskararen Adierazle Sistema (EAS) hartu du oinarri Gazteen Euskal Behatokiak. Hala, 25 urtez azpiko gazteen eta beste adin taldeei dagozkion datuak konparatuta, ondorioztatu dute gazteek daukatela neurri handienean euskara ama hizkuntza.

Zehazki, azaldu dute 1991tik 2016ra, 25 urteko epean, euskara ama hizkuntza duten 16 eta 24 urte bitarteko EAEko gazteen ehunekoa %20,4tik 33,1era igo dela. Hau da, EAEn, aipatu adin tarteko gazteen heren baten ama hizkuntza da euskara. Ehuneko horren baitan, bi egoera bereizi dituzte: 3 urte bete arte etxean euskara entzun ez dutenena (gazteen %20aren kasua) eta bi ama hizkuntza dituztenena (euskara eta gaztelera), %11,1ena.

Lakuak azaldu duenaren arabera, datu orokor horiek herrialdeen arteko aldeak estaltzen dituzte. Esaterako, Araban, 25 urtez azpiko gazteen %17,3k izan dute euskara ama hizkuntza (euskara bakarrik zein euskara eta gaztelania batera) eta, Gipuzkoan, aldiz, erdiak baino gehiagok (%55,7ak) izan du euskara lehen hizkuntza.

1999an izendatu zuen Unescok Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna, hizkuntza eta kultura aniztasuna bultzatzeko eta munduan barrena herri guztiek darabiltzaten hizkuntza guztiak babesteko.