NAIZ
DONOSTIA

Gaindegiari lotutako 25 pertsona zelatatu zituen Polizia espainolak

Gobernu espainolaren EAEko ordezkariaren ekimenez, Gaindegiaren jarduerak diruz laguntzearen kontra Estatuko Abokatutzak jarritako helegitea bertan behera utzi du epaileak. Ekinbide judizial hori babesteko Polizia espainolak erakundeari lotutako 25 pertsona zelatatu zituela salatu du Gaindegiak, eta epaiak ere kritika zorrotza egiten du.

Ohar baten bitartez, Gaindegiak gogoratu du 2013 eta 2014. urteetan Gipuzkoako Aldundiarengandik jasotako diru laguntzen aurkako administrazioarekiko auzi errekurtsoak aurkeztu zituen Estatuko Abokatutzak, orduko Carlos Urquijo ordezkariaren ekimenez.

Salaketaren bitartez Gipuzkoako Aldundiari bere irizpideen arabera diru-laguntzak emateko eskumena ukatu nahi izan zitzaiola gaitzetsi du Gaindegiak eta, oinarri administratiboaz gain, politikoa ere bazuela gaineratu du: «Gaindegiaren egitasmoa eta bere oinarri soziala osatzen zuten pertsonen kontrako zentsura politikoa eskatzen zuen. Hau da, praktikan herrigintzan jarduteko eskubide zibilez gabetzea».

Epaitegietan bere jarduteko eskubidea defendatzeaz gain, Gaindegiak salatu egin zuen Estatuko Abokatutzak auzi-errekurtsoan Polizia espainolaren Informazio Brigadako buru batek sinatutako bi txosten aurkeztu zituela. Bertan, erakundearekin bat egin zuten 25 pertsonei buruzko datu pertsonalak biltzeaz, afiliazio sindikalari edota ideologiari buruzko informazioa ere jasotzen zen, besteak beste.

Froga horiek legez kanpokotzat jotzeko eskatu zuen Gaindegiak eta ebazpenak arrazoia eman dio, Poliziari zein Estatuko ordezkariei kritika larria eginez gainera. «Pertsonak kriminalizatuz proiektua zapuzteko ahalegin argia izan zen», azpimarratu du Gaindegiak.

«Euskal Herriak bere historian komunitate mailako harreman soziokulturl sendoak izan baditu ere, azken hamarkadetan, garapen administratiboarekin batera, inoiz ezagutu ditugun mugarik handienak nozitzen ari gara nazio izaerako bizitza komunitarioa gozpuzteko arlo ekonomiko, sozial zein kulturaletan», gaineratu dute.

Gaindegiaren aburuz, bere aurkako jazarpenak agerian uzten du «mehatxuz betetako bidea» daukatela aurrean horretan ahalegintzen direnei.

Erakundearen ustez, beharrezkoa da tokian tokiko eragile instituzional eta sozialen aitortza eta babes esplizitua.

Azkenik, Gipuzkoako Aldundiak, bere eskumenak baliatuz, Gaindegiarekin lankidetza hitzarmena sinatu izana eta auzi-errekurtsoaren aurrean bere eskumenen defentsa egin izana azpimarratu dute.