Sakonean
Soldagailutik aitzurrera

Birziklatu. Hitz magikoa bihurtu da azken garaiotan. Nola objektuentzat, hala pertsonentzat balio du. Lanik gabe geratu, edo lana izanda ere, beste zerbaitetan hasi nahi izan dutenek, birziklatu beharra daukate, askotan ordura arteko ofizioa erabat alboratu eta lanbide guztiz berrian hasiz. Historikoki, landa eremuko biztanleak izan dira aitzurra harrika bota eta tailerreko buzoa jantzi dutenak, baina alderantzizkoa egiten dutenak gero eta gehiago dira egunotan. Josetxo Mendia kaletar beasaindarra da nekazari bihurtu diren horietako bat. 

Gotzon ARANBURU|ZEGAMA|2018/03/14 10:55
Josetxo-mendia
Josetxo Mendia, Altzibar baserriko negutegian. (Gotzon ARANBURU)

Berrogeita bost urte, eta orain arte zure lantokia izan den fabrika itxi egingo dutela jakin duzu. Zer egin? Bertso-saiorako gaia dirudi, baina Josetxo Mendiarentzat ez zen izan fikziozko egoera duela sei urte, egia gordina baizik. Gaztea ez zara, zaharra ere ez. Familia duzu, emaztea eta hiru seme-alaba. Lanbidez, orain arte, galdaragilea, baina hori bukatu da. Eta burura etortzen zaizu ea beti erakarri zaituen aktibitate hori, barazkigintza, ofizio bihurtzerik izango ote den, ote duzun. 

Kontua da Josetxok ez zekiela ezer barazkigintzaz. Ez da baserrian jaioa; gurasoak ere kaletarrak ditu. Ez da krisiaren ondorioz baserrira itzuli eta etxeko sailak lantzen hasitakoa. Baina eskualdeko tailer guztietan bere curriculuma uzteko bira amaigabeari ekin ordez, soldatzaile edo tornulari ikastaroak egin beharrean, edo furgoneta bat erosi eta mezulari hasi ordez, nekazari izatea erabaki zuen.

Lan birziklatze honek baditu, ordea, hainbat ezaugarri, zenbait zailtasun. Ia beste edozein lanbidetan, delineatzaile, fisioterapeuta edo kazetari zarelarik, badakizu ikasketak non egiten diren, badakizu ondoren zein lantegi, bulego, kontsulta edo erredakziora jo behar duzun lan bila. Non ikasi, baina, nekazari ofizioa? Eta nora jo lan eske ofizioa ikasi eta gero? Bada, norberak bilatu behar eskola eta norberak sortu behar lantokia. 

Zizurkilera jo zuen Josetxok, Fraisoro Nekazaritza Eskolara. Sei hilabeteko ikastaro trinkoa egin zuen han, ez bakarrik lurra lantzen ikasteko, baizik eta zein mundutan sartzera zihoan ikusten hasteko, nekazaritzan alegia. Ikastaroak bi alderdi zituen, barazkigintza eta frutagintza, eta gehienbat teorikoa izan zen, nahiz eta praktika batzuk ere egin zituen. «Dezente ikasi nuen, ezer ez nekiela joan nintzen eta» diosku Josetxok. Saio praktiko horietako bat barazkigintza hidroponikoan (lurraren ordez, disoluzio mineralak erabiltzen dituena) egin zuen, eta bestea ekologikoan. Berehala konturatu zen bigarren hau zela berak gustukoen zuena. 

Biolur elkartearekin harremanetan jartzea izan zen hurrengo pausua. Biolur Gipuzkoako ekoizle ekologikoak biltzen dituen taldea da, eta bertan izena eman zuen Josetxok. Oso dago eskertuta Biolurri, hasieratik ondoan izan duelako eta lehenengo pausuak ematen lagundu ziolako. Praktikak egiteko baserria ere haiek aurkitu zioten, hain zuzen ere Astigarragako Lizardi. Hamasei urte daramatzate ekologikoan ekoizten Lizardikoek, eta bederatzi hilabete egin zituen Josetxok Astigarragan ikasten.

Ikasten, bai ekologikoan ekoizten eta bai produkzioa merkaturatzen ere. Bi bide erabiltzen dituzte horretarako Lizardikoek, azoka eta kontsumo taldeak, eta Josetxok ere hortik jotzea erabaki zuen. Beraz, ofizioa ikasia zuen eta ekoiztutakoa nola saldu ere garbi zeukan, baina saltzeko aurrena erein, landatu eta bildu egin behar. Eta horretarako lurra behar, sailak. Izugarri zaila da, ordea, Gipuzkoan landa lurrak erostea, ez baitaude salgai, ezta alokairuan ere. Baina saiatzearen poderioz, aurkitu zuen baserria salgai, hain zuzen ere Zegamako Altzibar. Berehala hasi zen bertako sailak prestatzen, eta lurrak ondo erantzun zion, barazki ederrak emanez. Eta orduan iritsi zitzaion galdaragile izandako gizonari azokara joateko ordua, baina ez erostera, ordura arte bezala, baizik eta bere eskuekin lortutakoa saltzera bezeroei. Eta gaur arte.

Baserri ederra da Altzibar, eta lur sailak ere ederrak dauzka, lauak eta errekatik gertu. Baratzeak ongarritzeko simaurra inguruko artzain baten bidez lortzen du Josetxok. Baina haizea du etsai, Aizkorri-Oñati aldetik sartzen zaizkion haize ufada zakarrak. Behin baino gehiagotan txikitu dizkio haizeak negutegiak, eta azkenean hirurogei metroko estruktura bat instalatu behar izan du, nolabait ere ufadak geldituko dituena. Alegia, beste inbertsio bat, aurreko guztiei gehitu beharrekoa. 

Berrogei barietatetik gora

Berrogei barazki barietatik gora hazten dira Altzibarreko sailetan. Asko izan beharra daukate, bi arrazoiengatik. Batetik, bezeroei ahalik eta eskaintza zabalena egitea, eta bestetik Josetxok erabiltzen duen errotazio sistemagatik. Urte osoan emango badu lurrak, landare konbinazio egokia egin behar da; solanazeak hazi diren sailean, leguminosoak aldatuko ditu hurrena, esate baterako. Badaki landare bakoitzak lurrari zer kentzen dion eta zer ematen, nitrogenoa dela edo potasioa dela, eta horren arabera jokatzen du landatzerakoan. Adibidez, negutegian tomateak eduki dituen sailean (tomateak asko zurrupatzen dio lurrari) hurrena ilarrak landatuko ditu, eta gero letxugak.

Gainera, Goierrin dauden Biolurreko beste kideekin koordinatu egiten da, zer aldatzen ari diren elkarren berri izan dezaten eta hala merkatuan eskaintza egokia egiteko. Baina bada faktore bat kontrolaezina, eta eguraldia da. Galdaragile zenean gutxi inporta zitzaion zer eguraldi egiten zuen, bere lanean inongo eraginik ez zeukan eta, baina orain erabatekoa dauka. Aurtengo negua oso txarra izaten ari da nekazarientzat, makurra, euri gehiegi erori baita eta sailak putzu eginda baitaude. Horrek landare asko alferrik galtzea eragin du, eta baratzean lana egitea ere galarazi, urez asetako lurra zapalduz gero landarea ez delako etorriko zanpa-zanpa egindako lur horretan. 

Josetxok irailean sartutako azaki guztiak –azak, romanescuak, azaloreak…– usteldu egin zaizkio baratzean. Are gehiago, zopa-zopa egindako lur honetan udaberrian landatzea tokatzen diren barietateak ezin izan ditu sartu, eta horrek errotazio sistema guztia uzten dio kolokan. Eskerrak negutegi barrukoak salbatu dituen, horiek baitira kontsumo taldeetan, Beasaingo azokan eta Andramendi ikastolan salduko dituenak.

Nagusirik ez daukala gainean, horixe du ona Josetxoren lanbide berriak. Nahiz eta, egia esan, autonomo askori gertatu bezala, norbera bihurtu norberaren nagusirik gogorrena. «Bezeroak badaude, eskaria badago. Gogoko lana izanez gero, nik edozein animatuko nuke nekazaritzan aritzea bizimodua ateratzeko. Hori bai, errealista izan behar du honetan hasiko denak. Lanbide hau lotua da. Ahaztu hilabete osoko oporrak; jai egunak urriak dira, eta negu aldean hartu daitezke. Soldata ere izugarria ez da izaten. Baina lurra lantzea gustuko baduzu, aurrera, lana gogor eginda bizimodua aterako duzu eta», diosku Josetxok, laneko ordu luzeetan lagun egiten dion ‘Galdu’ mastin ederrari buruan hazka egiten dion bitartean.