naiz

ELA, STEILAS eta LABek atzeratu egin dituzte EAEko irakasleen greba eta mobilizazioak

LAB, ELA eta Steilas sindikatuek EAEko hezkuntzan greba zuten iragarrita apirilaren 23ko asterako, baina oraingoz bertan behera uztea erabaki dute, hilaren 18ko mahai sektorialean Lakuak plazaratuko dituen proposamenak ikusi arte. Neurririk ez badago greba egunak maiatzean antolatuko direla jakinarazi dute sindikatuek.

Jendetza bildu da hezkuntza publikoan deitutako grebetan. (Gorka RUBIO / FOKU)
Jendetza bildu da hezkuntza publikoan deitutako grebetan. (Gorka RUBIO / FOKU)

ELA, Steilas eta LAB sindikatuek apirilaren 23ko asterako EAEko hezkuntzan aurrikusita zituen grebak bertan behera utzi dituztela jakinarazi dute, «apirilaren 18ko mahai sektorialean Jaurlaritzak aldarrikapenei erantzuten dien edukiak planteatzen dituen ikusi arte». Neurririk ezean, greba eta mobilizazioak maiatzean deituko dituztela azpimarratu dute.

Bost greba egun gauzatu behar zituzten. «EAJk, PPek eta PSEk murrizketa politika gogorrak inposatu dituzte zerbitzu publikoetan azken hamarkadan, baita hezkuntza publikoan ere. Negoziazio kolektiborako eskubidea ere nabarmen urratu da. Ondorio zuzenenak plantilak murriztea, lan-kargak handitzea, hezkuntzako langileon prekarizazioa, ikastetxeetarako baliabide eskasia, azpiegituren kaskartzea eta zerbitzu publikoen okertze eta pribatizazioa izan dira», adierazi dute ohar baten bidez.

Martxoaren 14 eta 15eko grebak «arrakastatsak» izan zirela nabarmendu dute eta honen ostean, Hezkuntza Sailak apirilaren 18rako deitu du Irakasleen Mahai sektoriala. «Honek argi erakusten du beste behin ere Jaurlaritzaren negoziaziorako borondatea aurrean dituen mobilizazio eta greben araberakoa dela, eta langileak zoriondu nahi ditugu mobilizazio eta grebei ematen ari diren erantzun eta babesarengatik. Deigarria eta salagarria da Jaurlaritzak deiturik dauden greben bezperara arte itxarotea negoziazio mahaiak deitzeko».

Lakuak Hezkuntza Publikoan egiten duen inbertsioa egungo BPGren %3,5etik gutxienez izatea defendatzen dute, «Europar Batasuneko batez bestekoa ezarriz eta progresiboki UNESCOk gutxienekotzat jotzen duen %6ra iritsiz». Era berean, «lan-kargen handitzeari eta ikastetxeen behar izanei aurre egiteko» plantilak gutxienez 1.800 irakasletan handitzea.

Egun irakasle funtzionarioetan %38koa den behin-behinekotasuna %6ra murriztea, ikasle-ratioak %10 murriztea, soldata murrizketa eta %15 murriztu den eros-ahalmena berreskuratzea, gehienetan astebetera atzeratzen diren ordezkapenak lehen egunetik egitea, bajak lehen egunetik bere osotasunean ordaintzea, erretiroa errazteko neurriak berreskuratzea eta LOMCE Euskal Herrikoikastetxeetatik ateratzea dira, besteak beste, mahai gainean jarriko dituzten aldarrikapenak.