Gasteizko Udalak Martxoaren 8ko asanbladari 1.450 euroko isuna jarri diola salatu dute

Gasteizko mugimendu feministak salatu duenez, Udalak 750 euroko isuna jarri dio Martxoaren 8ko asanbladan parte hartu zuen eragile bati, Bilgune Feministari, greba feministara deitzen zuten hamahiru kartel jartzeagatik. Horretaz gain, asanbladako beste bi kideri 700 euroko isuna jarri die Udalak.

NAIZ|GASTEIZ|2018/04/16 11:05
Martxoak8-gasteiz
Milaka emakume atera ziren kalera Gasteizen martxoaren 8an. (Juanan RUIZ/FOKU)

Gasteizko mugimendu feministak salatu duenez, Udalak guztira 1.450 euroko isunarekin zigortu du Martxoaren 8ko asanblada, martxoaren 8ko greba feminista «zabaltzeagatik» eta mobilizazio horren inguruko kartelak paratzeagatik.

Ohar batean azaldu duenez, asanbladan parte hartu zuen eragileetako bati, Bilgune Feministari, 750 euroko isuna iritsi zitzaien martxoaren 13an, «greba feministara deitzen zuten hamahiru kartel jartzeagatik».

Gogora ekarri dutenez, kartel horiek Euskal Herriko toki askotan ezarri dituzten berdinak dira, Euskal Herriko Mugimendu Feministak sinatutakoak. «Are gehiago, Gasteizko Udaleko bulegoetan ikusi ditugun kartelak dira», azaldu dute.

Beste isuna, kasu honetan 700 eurokoa, Martxoaren 8ko asanbladako bi parte-hartzaileri heldu zaie, «greba eguna zabaltzeagatik».

Gasteizko mugimendu feministak nabarmendu duenez, aurrerantzean «Udalak mugimendua bera isundu edota zigortuko balu» salatzen jarraituko du. 

Horrekin batera, Udalaren «kontraesanak» agerian utzi nahi ditu, izan ere, «mugimendu feministaren lana aitortzea helburu zuten berdinek kriminalizatu gaituzte beste behin ere». 

«Feminismoa argi mediatikotik at geratzen den momentuan, Gasteizko Udalak mugimendua bera zigortzen duela» salatu eta azalpenak eskatu dizkiote Udalari.