NAIZ

Gutxienez, 100.000 pertsona beharko dira ekainaren 10eko giza katea osatzeko

Ekainaren 10eko mobilizazioaren behin betiko ibilbidea egin du publiko larunbat honetan Gure Esku Dagok. 100.000 lagun beharko dira, gutxienez, giza katea osatzeko; lekua ziurtatu eta antolakuntza lanak errazteko, lehenbailehen izena ematera deitu ditu herritarrak mugimenduak.

Donostiatik abiatu, Bilbotik pasa eta Gasteizen amaituko den giza kateak badu behin betiko ibilbidea. Larunbat honetan aurkeztu du Gure Esku Dago mugimenduak, eta bertan jasotzen da zein herritatik igaroko den ekainaren 10eko giza katea.

Era berean, zein herriri zein kilometro egokitzen zaio jasotzen duen mapa zabaldu du mugimenduak.

Gutxienez, 100.000 lagun beharko dira giza katea osatzeko. Zentzu horretan, lekua ziurtatu eta antolakuntza lanak errazteko, izena lehenbailehen ematera deitu ditu herritarrak mugimenduak.

Euskal Herriko hamaika txokotan aterako dira kalera gaur dinamikako kideak. Izan ere, giza katera lehenbailehen saretzeko deia egiteko baliatuko baitute asteburua Gure Esku Dagoko kideek.

Antolakuntzatik gogorarazi dutenez, internet bidez ere eman daiteke izena datorren ekainaren 10eko giza katean parte hartzeko.

12.00etan emango zaio hasiera mobilizazioari, prestaketa lanak 9.00etan hasiko badira ere. Ordu erdi iraungo du ekimenak, eta 13.30etatik aurrera festa izango da nagusi EAEko hiru hiriburuetan. 1.200 autobus mugitu asmo ditu Gure Esku Dagok egun horretan, eta 3.000 boluntario arituko dira dena ongi atera dadin lanean.