Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA

Herri Urratsen atarian, ikastolen danbor hotsak entzunen dira Baionan maiatzaren 4an

Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko ikastolen besta heldu den maiatzaren 13an ospatuko da ‘Prefosta!’ lelopean Senpereko aintziran. Izan ere, aurtengo Herri Urrats berezia izanen da, «berez Maiatzaren 4an hasiko baita», adierazi du Paxkal Indo Seaskako lehendakariak. Egun horretan, 3.700 ikaslek Baionako karrikak hartuko dituzte. Denborrada erraldoi horren bidez, ikasleen emendaketa aintzat hartu gabe frantziar Hezkuntza Ministerioak uko egin diola irakasleen postu berriak sortzeari salatuko du Seaskak.

Maiatzaren 13an Senperen ospatuko den Herri Urratsen aurkezpena. (Bob EDME)
Maiatzaren 13an Senperen ospatuko den Herri Urratsen aurkezpena. (Bob EDME)

Heldu den kurtso hasieran 230 ikasle gehiago izanen ditu Seaskak lehen maila, kolegioa eta lizeoa aintzat hartuta. Alta, aurreko gobernuekin geratu bezala, Ipar Euskal Herriko ikastolen beharrak aintzat haru ordez, «gobernu berriak ikastolen olatua gelditu nahi du». Paxkal Indo, Seaskaren lehendakariak, ordea, «euskal kostaldean badakigu itsasoaren indarra geldiezina» dela ohartarazi eta ikastolen kexua ozen entzunen dela maiatzaren 4an iragarri du.

Egun horretan, irakasle eta gurasoen laguntzaz, 3.700 ikaslek Baionako karrikak danbor hotsez beteko dituzte. Behin krakada goxoa hartuta Poterne gunean, hiriko kaleak zeharkatuko dituzte ikastoletako ikasleek Sarriegiren martxapean. Hori bai. Xumai Murua bertsolariak eta Seaskako irakasleak letra berezia ezarri dio martxari Euskal Herri guztian «euskaraz bizi, hazi, hezi eta ikasteko» grina lau haizetara zabaltzeko.

Iparraldeko ikastolen bestaren atarian azalduko du Seaskak bere ezinegona, Ministaritzak atzera egiteko esperantzaz. Era berean, aurtengo Herri Urratsen bilduko den diruak Zuberoa eta Nafarroa Behereko 190 ikasle bere baitan hartzen duen Manex Erdozainzi Etxart kolegioaren garapena bermatzeko balioko duela azaldu dute antolatzaileek. Bizio taldeak aipatu kolegioko ikasleen laguntzaz egin duen kantuaren soinupean iraganen da besta maiatzaren 13an Senperen. 

Eguneko egitaraua eta informazio praktikoak dagoeneko eskura ezarri ditu Seaskak https://www.herriurrats.eus/ webgunean.