naiz
Donostia

Hiriburuetan hainbat kongresu eginez ospatuko du Eusko Ikaskuntzak bere mendeurrena

Eusko Ikaskuntzak bere mendeurrena ospatzeko antolatutako ekitaldien programa aurkeztu du gaur goizean Donostian. Ospakizunei XVIII. kongresuak emango die amaiera. Aurtengo udazkenean egingo da euskal hiriburuetan, eta azaroaren 23an amaituko da Oñatin.  

Eusko Ikaskuntzak mendeurreneko ekimenak aurkeztu ditu. (@ei_sev)
Eusko Ikaskuntzak mendeurreneko ekimenak aurkeztu ditu. (@ei_sev)

Eusko Ikaskuntzak 100 urte egiten ditu aurten eta, azaldu dutenez, «1918an erakunde bultzatzaileek emandako mandatu sortzailearekin duen konpromisoa sendotu eta berritu» nahi du. Gaurkoan, mendeurrena ospatzeko diseinatu dituen ekitaldien programa aurkeztu du. Ospakizun horien amaiera gisa, XVIII. kongresua egingo du aurtengo urritik azarora bitarte Baionan, Gasteizen, Iruñean, Donostian eta Bilbon, eta azaroaren 23an amaituko da Oñatin.

«Euskal Herriko gizarteak eta lurralde guztiek planteatutako etorkizuneko erronkei aurre egiteko erantzun bateratzaileak eta berritzaileak eskaintzen jarraituko dugu», zehaztu du Eusko Ikaskuntzako lehendakari Iñaki Dorronsorok. 

Sortu zenetik, Eusko Ikaskuntzen 17 kongresu antolatu ditu guztira erakundeak eta bi helburu  nagusi zehazt ditu: «Ikerketa eta kultura sustatzea, eta gizartearen premia errealen prospekzioa egitea».  Aurtengo kongresuan euskal komunitateek aurrean dituzten erronka eta aukera  nagusietako batzuen inguruko proposamenak aztertu eta landuko dira, «Euskal Herriko gizarte eta lurralde kohesioa» lortu asmoz. Urriaren 5ean egingo dute Baionan.

Era berean, urriaren 19an, euskararen etorkizunaren eraikuntza lantzeko bilkura egingo da  Gasteizen. Urriaren 26an, berriz, hirugarren bilkura egingo da Iruñean, eta gizarte kohesiorako bideak eta euskal komunikazio sistemak betetzen duen zeregina aztertuko dira bertan. Laugarren bilkura Bilbon egingo da, azaroaren 9an, eta ongizate eredua, lurralde garapena eta enpresa ereduak izango ditu ardatz. Azaroaren 16an, gobernantza demokratikoari buruzko topaketa egingo da Donostian. 

Azkenik, azaroaren 23an, Kongresuaren amaierako ekitaldia egingo da Oñatin. Bilkura horretan, proiektu bakoitzak sortu dituen galderei erantzungo zaie, planteamendu horiek gauzatzeko  proposamenak egingo dira eta Liburu Zuria izenekoan jasoko dira.