naiz

Emakumeen Mundu Martxak bat egin du larunbateko pentsiodunen mobilizazioarekin

Martxoaren 8an kalera atera ziren emakumeei larunbatean, maiatzak 26, pentsiodunek egingo duten mobilizazioan parte hartzeko deia egin die Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak. «Bidelagun ikusten ditugu mobilizazioaren bidez aldaketak lortu ahal direla sinesten dugulako», adierazi dute.

Lakuako Gobernuaren aurrean elkarretaratzea egin du Emakumeen Mundu Martxak.
Lakuako Gobernuaren aurrean elkarretaratzea egin du Emakumeen Mundu Martxak.

«Bizitza osoa lanean pasa ondoren, lan honek guztiak ez du ezertarako balio: ez dizu eskubiderik  ematen. Eskubideak dituzu, egia da. Zerbitzu publikoak erabili ditzazkezu, herritarra zarelako. Dirulanguntzak eskatu ahal dituzu, bazterketa sozialaren arriskuan bizi zarelako. Baina ez duzu eskuberik sortu langile izan zarelako. Langilea izan zara, bizitza osoan, eta zure lanak ez du pentsio eskubidea lortzeko balio. Ez duzu kotizatu, lan egin arren, eta zure lana bizitzarentzat ezinbestekoa izan arren», azaldu du Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak ohar baten bidez.

Pentsio bat izateko eskubidea lortzea, urteetako borrokaren emaitza dela nabarmendu dute. «Pentsioa askoz ere txikiagoa da ordea, soldata txikiago zelako, zaintza ardurek lan merkatutik ateratzera behartu zaituztelako, edo kontratu partzialekin lan egitea beste aukerarik izan ez duzulako», gogoratu dute.

Martxoaren 8 ko mobilziazio erraldoiak eta astelehenero pentsiodunek egiten dituztenak eskutik hartuta datozela iritzita, elkarrekin aterako dira kalera: «Bidelagun ikusten ditugu mobilizazioaren bidez aldaketak lortu ahal direla sinesten dugulako, mobilizazioaren bidez egin ditugulako ikusgarriak sistema kapitalista heteropatriarkal honek ezkutatu nahi dituen egoera bidegabeak».

Eta maiatzaren 26aren bidez, aurrera egin nahi dute. «Emakumeon lana aitortzea eta eskubide  iturri bihurtzea izango da pentsio duin bat ziurtatzeko bidea», azpimarratu dute. Era berean, pentsioak hobetzeko biderik emankorrena «emakumeen lan eskubide guztiak ziurtatzea» izango dela gehitu dute eta horretarako soldata arrakalaren arrazoiak «gainditzea» ezinbestekotzat jo dute.