naiz
Donostia

Zigor Merodio presoaren erakusketa ikusgai izan da Donostia Ospitalaren aurrean

Zigor Merodio presoaren ‘Zorroztarria’ erakusketa ikusgai egon da gaur Donostia Ospitalaren aurrean, Osakidetzak «izaera politikoagatik» debekatu ostean. «Horrela ulertzen du Osakidetzak adierazpen askatasuna», nabarmendu du LAB sindikatuak.

‘Zorroztarria’ erakusketa ikusgai egon da gaur. (@LABsindikatua)
‘Zorroztarria’ erakusketa ikusgai egon da gaur. (@LABsindikatua)

LABek Zigor Merodio presoaren eskulturak jasotzen dituen ‘Zorroztarria’ argazki erakusketa ikusgai jarri ditu gaur Donostia Ospitalaren aurrean. Lana Edu Martinezen argazkiak eta Alaitz Areitio eta Jon Troitiñoren testu eta bertsoek lagunduta dago.

Sindikatuak jakinarazi duenez, «erakusketa egiteko proposamena urtarrilean helarazi zuen, erakusketa areto bezala erabiltzen den Donostia Ospitaleko sarreran». Ohar baten bidez adierazi dutenez, «Ospitaleko arduradunek erakusketaren eduki zein egileei buruzko informazioa zeukaten arren, debekua azken momentuan» bidali dutela azpimarratu nahi izan dute.

Gerente zein komunikazio arduradunarekin bilera batera deitu zituztela nabarmendu dute. «Bertan azaldu ziguten ezin zutela erakusketa egin sentsibilitateak ez mintzeko. Eman ziguten argudio bakarra zera izan zen: haiek ez dutela polemikarik nahi eta egileen izenek ekarriko dutela».

«Zentsura hutsezko kasu baten aurrean gaude, inposaturiko zigorra betetzen ari diren pertsona preso batzuen adierazpen artistikoa zentsuratzeko inolako arrazoirik gabe», salatu du sindikatuak. «Osakidetzak, kasu honetan Donostia ESIko zuzendaritzak, bere irizpidea inposatu du eta bertan behera utzi du Euskal Herriko toki askotan ikusgai egon den erakusketa», gehitu du. «Horrela ulertzen du Osakidetzak adierazpen askatasuna», amaitu dute.