NAIZ
DONOSTIA

Bidasoako presidentetzarako hautagaitza aurkeztu du Gurutz Aginagaldek

Bidasoa eskubaloi taldeak abendurako deituko dituen hauteskundeetara aurkezteko asmoa iragarri du Gurutz Aginagaldek. 1992-1993 denboraldian Irungo taldean eman zituen lehen urratsak Aginagaldek eta CB Logroñon hasiko duena bere 23. denboraldia izango da Asobal Ligan, 600 partidatik gora jokatuta.  

Gurutz Aginagalde, Artalekun eginiko agerraldian. (NAIZ)
Gurutz Aginagalde, Artalekun eginiko agerraldian. (NAIZ)

Artaleku kiroldegian egindako agerraldi batean jakinarazi du Gurutz Aginagaldek (Irun, 1977) Bidasoak abenduan egin asmo dituen hauteskundeetara aurkeztuko duela bere burua. 

Agintaldia 2019ko uztailean amaitzen den arren, urte honetako amaierara aurreratuko dituzte bozak eta atezain irundarrak jakinarazi du data horri begirako lanak aurreratuta dituela: «Azken hilabeteotan proiektua eta lantaldea osatzen ari gara, urte amaierarako hitzordura prest iristeko». 

Azpimrratu duenez, aspalditik dator bere erabakia: «Joan den urtearen amaieran hasi nintzen, eta behin Logroñoko zuzendaritza hausnarketa honen parte egin ostean aukera hau egon zitekeela aipatuta, martxoan bildu nintzen Jose Angel Soduperekin [egungo presidentearekin] eta orduantxe agertu nizkion nire asmoak».

Bere proiektuarekin «Bidasoa gipuzkoarrago bat» bilatzeko asmoa duela laburbildu du: «Talentu euskaldun ugari ditugu Asobal Ligako beste taldeetan eta atzerriko txapelketetan. Bidasoa indartsuago batekin aukera izan dezakete etxean aritzeko». Horretarako, gaineratu du «kirol arloa, arlo ekonomikoa eta arlo soziala norabide berean bultzatu» behar dituztela. 

Zentzu horretan, harrobian egin beharreko lanean jarri du azpimarra Aginagaldek. «Gipuzkoako eskubaloiak maila oso altua du eta Bidasoak horri mesede egin behar dio, joan-etorriko harremanei esker». 

Hurrengo hilabeteotan beste urrats batzuk eman dituztela zehaztu du, tartean, lantalde osoa aurkeztuz. 

Azken hamasei urteotan Jose Angel Sodupek hartutako ardurak eskertuz bukatu du Aginagaldek. 

Atezain irundarra 1992-1993 denboraldian hasi zen Bidasoan jokatzen eta hiru denboraldi geroago igo zen lehen taldera. 2005az geroztik CB Logroñon jokatzen du. 

Apirilean 600. partida jokatu zuen Asobal Liga, soilik beste lau jokalarik daukaten markara iritsita. 

Hastear dagoena, Asobal Ligan jokatuko duen 23. denboraldia izango da.