NAIZ
BILBO

Euskal Herriko mugetatik harago eramango Euskaraldia Etxepare Institutuak

‘Euskaraldia: 11 egun euskaraz’ ariketa soziala euskal eremu geografikotik harago eramango du Etxepare Institutuak, nazioarteko irakurletza sareetara eta euskal etxeetara zabalduta. Tokian tokiko egoerara egokituz, euskararen erabilera indartu eta ikasgeletatik harago eraman nahi dute.

Hego Amerikako hamaikakoa. (ETXEPARE)
Hego Amerikako hamaikakoa. (ETXEPARE)

Etxepare Euskal Institutuak erakunde sustatzaile gisa hartuko du parte Euskaraldian. Euskal eremu geografikotik harago nazioarteko irakurletza sarean eta euskal etxeetan ere zabaldu nahi du ariketa kolektibo hau, tokian tokiko baldintzetara egokituz, munduan zehar euskara ikasten dutenen euskararen erabilera indartzeko eta ikasgeletatik harago eramateko.

Ekimena atzerrian ere sustatzeko hainbat hamaikako bultzatuko ditu Etxepare Institutuak eta dagoeneko bi osatu ditu: bata Etxepare Euskal Institutuko Euskara eta Euskal Kultura Irakurleen Hamaikakoa, eta bestea Hego Amerikako Hamaikakoa.

Hamaikakoen funtzioa izango da Etxepare Institutuko irakurletza sarean eta euskal etxeen sarean ekimenaren enbaxadore izatea, beren eremuetan ikasleei, lankideei eta unibertsitateko edota euskal etxeetako kideei ekimenaren berri ematea, azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte erabilera bultzatzeko ekintzak antolatzea eta ikasleak aktibatzea.

Etxepare Institutuko Euskara eta Euskal Kultura Irakurleen hamaikakoa osatzen duten lagunak Europa eta Ameriketako unibertsitateetan Euskara eta Euskal Kultura klaseak ematen dituzten 11 irakurlek osatzen dute: Aitor Arruza (Varsoviako Unibertsitatea), Mireia Orbegozo (Universidad Católica de Chile eta Universidad de Chile), Denis Almandoz (Brnoko Masaryk Unibertsitatea), Xabier Azpillaga (Moskuko Lomonosov Unibertsitatea), Maia Ossa (Helsinkiko Unibertsitatea), Amaia Orbe (Berlingo Freie Unibertsitatea), Iñaki Alfaro (Boloniako Unibertsitatea eta Venezia Foscari Unibertsitatea), Estitxu Irisarri (Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatea, UPPA), Irati Bravo (Konstanz-eko Unibertsitatea), Unai Nafarrate (UCLA) eta Diana Palenzuela (Chicagoko Unibertsitatea).

Hego Amerikako hamaikakoa osatzen duten lagunak, berriz, Rocio Basterra (Viedma, Argentina), Andrea Bella (Montevideo, Uruguai), Beatriz Etchegaray (Viedma eta Patagones, Argentina), Begoña Tisera (San Nicolás, Argentina), Beatriz Poume (Tandil, Argentina), Martin Zabalza (Montevideo, Uruguai), Alfredo Laborde (Tres Arroyos, Argentina), Lautaro Pincheira (Mendoza, Argentina), Alvaro Montes de Oca (Santiago, Txile), Marcial Agostini (La Plata, Argentina) eta Florencia Deniz (Villa Maria, Argentina).

Talde enbaxadoreen lana izango da Euskaraldiaren hamaika egunetan zehar ekimena hedatzea eta euskararen erabilera errazten laguntzea.

Datozen asteotan Boise (AEB), San Francisco (AEB), Reno (AEB), Buenos Aires (Argentina), Mexiko eta Europako hamaikakoa osatuko dira.