Hamazortzi jokalari deitu dituzte Etxarrik eta Amorrortuk Venezuelaren aurkako partidarako

Athletic eta Realeko bosna jokalari, Alaves eta Leganeseko beste hiruna eta Eibarreko beste bi dira Jose Mari Amorrortu eta Mikel Etxarri hautatzaileen deialdian sartu direnak. Haietako zortzi lehen aldiz deitu ditu Euskal Selekzioak. 

NAIZ|GASTEIZ|2018/10/10 13:28
Euskalselekzioa
Etxarri eta Amorrortu hautatzaileak, Elustondorekin hizketan. (Endika PORTILLO/FOKU)

Euskal Selekzioak eta Venezuelak ostiralean, 20.45ean hasita, jokatuko duten neurketarako deialdia jakinarazi dute gaur Jose Mari Amorrortu eta Mikel Etxarri hautatzaileek, federazioko presidente Luis Mari Elustondorekin batera eginiko agerraldian. 

Athleticetik Aritz Aduriz, Yuri Berchiche, Dani Garcia, Iñigo Martinez eta Iñaki Williams deitu dituzte. 

Realetik, Jon Bautista, Aritz Elustondo, Asier Illarramendi, Luca Sangalli eta David Zurutuza dira deialdian sartu direnak. 

Alavesetik, Manu Garcia, Martin Agirregabiria eta Ibai Gomez hautatu dituzte Etxarrik eta Amorrortuk. 

Egun Leganes taldean ari diren Javi Eraso, Jon Ander Serantes eta Mikel Vesga ere deialdian daude. 

Azkenik, Eibarretik, Anaitz Arbilla eta Asier Riesgo dira aukeratutakoak. 

Jokalari guztiak, beraz, Ligako lehen mailako taldeetakoak dira. Osasunakorik ere ez dago, astelehenean Zaragozaren aurka jokatu zutelako eta larunbatean Kordoba hartuko dutelako Sadarren.

Debuta zortzirentzat

Aduriz eta Riesgo dira deialdi gehiagotan sartu diren jokalariak (11 eta 10 aldiz, hurrenez hurren) eta, aldiz, zortzirentzako aurrenekoa izango da: Williams, Agirregabiria, Arbila, Serantes, Vesga, Bautista, Elustondo eta Sangalli lehen aldiz deitu dituzte.

Bihar, arratsaldeko 17.00etan, jokalariek Ibaian (Gasteiz) egon beharko dute, Venezuelaren aurkako partida prestatzeko.