Asier AIESTARAN

Olaizola II.ari asko zaildu zaizkio finalerdiak, Victorren aurka galdu ostean (17-22)

Aimar Olaizolari asko zaildu zaizkio Lau eta Erdiko Txapelketan finalerdiak jokatzeko aukerak, Iruñeko Labrit pilotalekuan Victorren aurka 17-22 galdu ostean. Kanpoan egongo da igande honetan Ezkurdiak irabazten badu.

Aimar Olaizolak galdu egin du Victorren aurka Iruñean. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Aimar Olaizolak galdu egin du Victorren aurka Iruñean. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Goizuetarra bere ohiko mailatik behera aritu da errioxarraren kontra, Altunaren aurka utzi zituen sentsazio txarrak ahaztu ezinik, eta igande honetan Donostian Ezkurdiak irabazten badu, Aimar finlerdietatik kanpo geratuko da. Kontuan izan behar da 2010eko ekitaldiaz geroztik, zazpi urtez jarraian jokatu dituela nafarrak kaiolako finalerdiak.

Partida hasiera parekatua izan da, eta bi pilotariei kosta egin zaie lehian sartzea. Lehen tantoa, esaterako, Victorren alde erori da Aimarrek luzeegi bidalitako pilota bati esker. Baina Goizuetakoa 4-2 aurreratzeko gai izan da gantxo eder bati esker –zabaleko arrastoa ikutu ote duen zalantza geratu da– eta sake zuzen batekin.

Hortik aurrera hasi da, ordea, Aimarren ezina. Victorrek, sakearekin min handia eginez eta pilota oso bizi mugituz, zortzi tanto lortu ditu erreskadan, 4-2tik 4-10era pasatzeko. Txokoan pilota utziz, atzera luzatuz, boleaz… tanto asko eta onak egin ditu Ezcarayko aurrelariak fase horretan, aurkaria kantxan asko mugitzera behartuz. Eta lan hori borobiltzeko, boleaz sekulako ormabikoa sinatu du partida lehen atsedenaldi luzera 5-12ko emaitzarekin bidaltzeko.

Arnasa hartu ondoren, lortu du Aimarrek markagailuko tartea apur bat murriztea. Bizpahiru jokaldi ederrekin 11-14 gerturatu da neurketaren lehen erdia igarotzen ari zirenean, baina orduan ere ez dugu beste urte batzuetako pilotari bikain hori ikusi. Gantxo bat behera bidalita eman dio aukera Victorri 11-15ekoa egiteko, eta errioxarrak oparia baliatuz, partziala 12-19raino luzatu du.

Gogorra da Olaizola, langilea beti, eta azken txanpan ere saiatu da Victorri ezusteko bat ematen. Sakez bi tanto eginda, 16-19 hiru tantora hurbildu da berriz ere, baina errioxarrak asmatu du tanto gogor bat txokoan bihurritzen eta 16-20koa bere alde eraman du. Merezita, gantxo eder batekin itxi du 17-22koa.

«Sakearekin asmatu egin dut eta horrek konfidantza eman dit, airez ere seguru ibili naiz. Agian Aimar ere ez da izan beste egun batzuetakoa, eta hori ikusita pilota gutxi galtzera joan naiz. Kontzentrazioa ez dut galdu, markagailua begiratu ere ez dut egin, eta nirea egitera joan naiz. Azken jardunaldira aukerekin iritsi nahi nuen eta hori behintzt lortu dut», aipatu du Victorrek 229 pilotakada eta 53 minutuko partidaren amaieran.