NAIZ
GASTEIZ

Urruntze politika salatzeko ‘Askatasun haizea’ ekimena jarriko du martxan Etxeratek Araban

‘Askatasun haizea’ lelopean, Estatu espainiarrak mantentzen duen salbuespeneko espetxe politika eta, bereziki, presoen urruntzea salatzeko ekimena jarri du abian Araban Etxeratek. Antzezlanen bitartez «dispertsioaren aurpegien lekukotasuna» konpartituko dute Agurain, Gasteiz eta Amurrion antolatutako elkartasun emanaldietan. 

‘Askatasun haizea’ ekimena aurkezteko agerraldia, Gasteizen. (Endika PORTILLO/FOKU)
‘Askatasun haizea’ ekimena aurkezteko agerraldia, Gasteizen. (Endika PORTILLO/FOKU)

Gasteizen eginiko agerraldi batean, Araban barrena urruntze politika eta, oro har, salbuespeneko espetxe politika salatzeko abian jarri duen ‘Askatasun haizea’ ekimenaren berri eman du Etxerat elkarteak. 

Hala, antzezlanen bitartez «dispertsionaren ondorioei aurpegiak» jarriko dizkiete datozen egunotan. Asteazkenean, urriak 24, Agurainera iritsiko da ekimena. Hurrengo egunean, hilaren 25ean, Gasteizen izango dira eta 26an, ostiralarekin, Amurrion. 

Erakusketak ere antolatu dituzte Gasteizen azaroan zehar: 5etik 11ra, Iparralde Gizarte Etxean; 12tik 18ra Judimendi Gizarte Etxean; eta 19tik 26ra Zabalgana Gizarte Etxean. 

«Honako hau elkartasun lan bat da, konpromiso handikoa, energiaz beterikoa, hainbat antzez-ekintzen bidez, parte hartuko duten artistek politika injustu honen gainean duten ikuspegia emango diguna», adierazi du Etxeratek agerraldian. «Interpretazioa, dantza, bertsoak edo musika, denak dira gizarte honetan oraindik bizi eta sufritzen dugun errealitarearen adierazpide berezi».  

1999ko udazkenean Gasteizko Printzipal Antzokian egin zen ‘Etxera’ galaren bidetik datorren ekimen honen harira bi faktore nabarmendu ditu Etxeratek: «motibazio politiko batengatik espetxeratutako pertsonen aurkako politika hark indarrean dirauela eta, ondorioz, elkar ikusi ahal izateko beren senideek milaka kilometro egiten jarraitzen dutela, eta gure herriko kultur munduko sektoreak hurbiltasun eta elkartasun sentsibilitate berezia izaten jarraitzen duela». 

Gogoratu dutenez, 23 arabar daude egun espetxean, bi deportaturik eta bete hainbat ihes eginda. Urruntze politikaren «ondoriorik larriena» ere aipatu dute, hura indarrean daramatzan 29 urteetan hamasei baitira errepidean bizia utzi duten senide eta lagunak.