NAIZ

Ofiziozko espedientea abiatu du Arartekoak, Zumaiako flysch-eko hondakin-isurketak direla eta

Eskuduntza duten administrazioek Zumaiako flysch-a kudeatzeko eta «mareen ekintzagatik» aldizka agertzen diren hondakin pilaketak «prebenitu eta eragozteko» zer egiten duten jakin asmoz ofiziozko espediente bat abiatu duela iragarri du Arartekoak.

Flysch-a, hondakinez gainezka. (NAIZ.EUS)
Flysch-a, hondakinez gainezka. (NAIZ.EUS)

Dozena bat egun igaro dira Zumaiako flysch-a hondakin solido ugariz pilatuta ageri zen irudi batzuk publikatu zirenetik.

«Deitoratu» egin zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak, Ingurumen eta Turismo Zuzendaritzaren bitartez, Gipuzkoako kostaldeko flysch-ean agertutako plastiko kopurua eta, ondorioz, honek sortutako kutsadura eremu horretan.

Geoparkeak berak ere, Zumaia, Deba eta Mutrikuko Udalek osatzen duten elkarteak, adierazi zuen «sarri» agertzen direla hondakinak itsasertzeko eremu horretan. Aldizka, flysch-aren garbiketa-kanpainak antolatzen ditu elkarteak, bi helbururekin: garbitzea eta kontzientziazioa lantzea.

Arartekoak daukan informazioaren arabera, eremu horrek biotopo babestua osatzen du, Deba eta Zumaia bitarteko itsasertz zatian. Azaldutako arazoa kontuan hartuta, Zumaiako flysch-ean biotopo babestuaren erreserba-eremuan pilatuta dauden plastiko eta beste hondakin batzuk isurtzeari buruzko informazio zehatza bilatzen ari da aipatu erakundea.

Hori hala, ofiziozko jarduera bat hastea erabaki du Arartekoak: «Jakin nahi dugu administrazio eskudunek zer prozedura edo protokolo erabiltzen dituzten naturagune hori kudeatu eta mareen ekintzagatik Deba eta Zumaia arteko itsasertzean aldizka pilatzen diren isurketak prebenitu eta eragozteko».