naiz
Donostia

‘Ahotsak.eus’ atariak jasoko du aurtengo Abbadia saria

«Euskararen lurralde guztietako eta euskalki guztietako ahozko testigantzak sarean etengabe jaso eta eskumen librean jartzeagatik» ‘Ahotsak.eus’ atariak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Abbadia saria jasoko du.

Abbadia saria ‘Ahotsak.eus’ atariak jasoko du aurten. (Gipuzkoako Aldundia)
Abbadia saria ‘Ahotsak.eus’ atariak jasoko du aurten. (Gipuzkoako Aldundia)

Gipuzkoako Foru Aldundiak ‘Ahotsak.eus’ atariari emango dio aurtengo Abbadia saria, epaimahaiak aho batez hala proposatuta. Hala jakinarazi du gaur goizean prentsaurrekoan Garbiñe Mendizabal Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak, zeinak, Aldundiaren izenean, Ahotsak.eus eta atzean duen lantaldea zoriondu dituen eta gaineratu «ondo merezitako aitortza» jasoko duela. Azaroaren 30ean, 19:00etan, foru jauregian egingo den ekitaldian jasoko du saria.

Aahozko ondarea eta herri hizkerak bildu eta hedatzea du jomuga atariak. Epaimahaiak «egindako lana eta ekarpena» nabarmendu ditu, «euskararen lurralde guztietako eta euskalki guztietako ahozko testigantzak sarean etengabe jaso eta eskumen librean jartzeagatik».

Urtero bezala, artista gazte bat izango da Abbadia sariari lotutako oroigarriaren egilea. Oraingoan, Arrate Rodriguez (1984) artista errenteriarra izan da aukeratua eta, beraz, propio egindako artelan bat jasoko du ‘Ahotsak.eus’ atariak.

Anton Abbadia saria Gipuzkoako Foru Aldundiak sortua da 1996an, euskararen normalizazioaren aldeko lanetan nabarmendutako pertsona edo elkarteen jarduna saritzeko. «Euskararen erabilera arnasberritu, gizarteratu eta hedatzeko pertsona edo elkarte oinezkoen jardunaren aitorpen izan nahi du» sariak, antolatzaileek azaldu dutenez. Horrez gain, Abbadiaren oroimena berrituz, sariak euskaltzaleen «biltzar txiki bat ere izan nahi luke».