@gara_miantzi

Jone Uria irabazle Lekeition, eta finaleko zortzikotea osatuta

Lekeition jokatu den Bizkaiko Bertsolari Txapelketako hirugarren eta azken finalaurrekoan nagusituta, Jone Uriak lortu du hilaren 15ean Miribillan izanen den finalerako txartela. Han kantatuko duen zortzikotea osatuta dago: Miren Amuriza, Nerea Ibarzabal, Jone Uria, Xabat Galletebeitia, Etxahun Lekue, Onintza Enbeita, Eneko Abasolo eta Aitor Bizkarra.

Jone Uria izan da nagusi Lekeition jokatu den azken finalaurrekoan. (Gorka RUBIO/FOKU)
Jone Uria izan da nagusi Lekeition jokatu den azken finalaurrekoan. (Gorka RUBIO/FOKU)

Amaitu da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako hirugarren eta azken finalaurrekoa. Lekeitioko Santi Brouard kiroldegian jokatu da saioa eta Jone Uria izan da irabazlea, 508,5 punturekin. Hala, zuzenean sailkatu da algortarra datorren abenduaren 15ean Bilboko Miribillan izanen den finalera. Bigarren egin duen Etxahun Lekuek ere lortu du txartela (502 punturekin). Koxka bat beherago gelditu da Ibon Ajuariagojeaskoa (468,5). Gaurko saioko hurrengo postuak Ander Elortegi (462,5), Txaber Altube (457) eta Arrate Illarorentzat (455) izan dira.

Puntu guztiak banatuta, dagoeneko osatu da finaleko zortzikotea: Miren Amuriza, Nerea Ibarzabal, Jone Uria, Xabat Galletebeitia, Etxahun Lekue, Onintza Enbeita, Eneko Abasolo eta Aitor Bizkarra dira Bizkaiko txapelerako hautagaiak.

Gaurko saioaren garailearen lanaren lagin gisa, hona kartzelako lan ederra, amona baten azalean kantatua, honako gaiari: Zuen begiradak gurutzatu dira. Urduri jarri zara. Lehenbiziko bertsoa: «Nire etxean zen afaria ta afari ondorena/ nire alaben laguntzarekin prestatua dugu dena/ ta afaltzera famili osoa dena zer poz nabarmena/ nik ahal nuen ondoen egon nahian atera kemena/ amona goxo jator ta denen amona kuttun naizena/ ta afarian ahaztu egin zait gure ilobaren izena». Bigarrena: «Hasi naiz Miren ez ez Garazi Saioa edo Zihortza/ baina edozein izen egiten zitzaidan horren arrotza/ esaten nion pasaidazu hau ez al duzu nahi arroza/ beitu bestela hemen daukazu patata frijitu poltsa/ afari osoa sufritzen eta nigan mina eta lotsa/ afari osoan deitu baitiot laztana eta bihotza».

Etxahun Lekuek eta Ibon Ajuriagojeaskoak gai berari abestu diote, Iñigo Cabacasen hilketari eta honen epaiari, baina ikuspuntu desberdinetatik. Larrabetzukoa ertzain baten lekuan jarri da. Hona hirugarrena: «Goitik beherakoa izan zen Ertzaintzaren porrota/ atxakia argi egoan ziren zortzi borroka/ oin epaiketa egin da gutako bosten kontra/ bati zigor txikitxu bat besteok txalo jota/ txakurrak ez dau eiten inoiz txakurran kontra/ nor izan zan baneki be eneuke esango ta». Eta gernikarra ertzain bat ondoan jarri eta gaizki sentitu den herritarraren tokian. Bigarrena: «Bihotza ere iraultzen jata ikusten dodan aldiro/ hor ertzaina bat daukat aurrean jadanik ez dogu giro/ protestarako guk bagenduan hemen hainbeste motibo/ aurrean jarri zara zu eta badaukat nahiko bertigo/ gaba haretan gertatu zana oroitu baitot barriro/ agian zure lankide batek hil ebalako Iñigo».

Ander Elortegik bertsolariek kartzelan direla pasatzen duten trantzea deskribatu du, Txaber Altubek gau bateko maitasun istorioa, eta Arrate Illarok Belarriprest baten kezka eta urduritasuna Ahobizi batekin gurutzatzerakoan.

Saio bizia eta dotorea izan da Lekeitiokoa. Bertsozaleen hurrengo hitzordua, hemendik bi astera, Bilbon.