Asier AIESTARAN

Landutako garaipena lortu dute Olaizolak eta Albisuk (22-15)

Ataungo atzelaria nagusitu egin da piloteoan eta aurrelari goizuetarrak ongi baliatu du Bengoetxea eta Imazen aurka bigarren garaipena lortzeko.

Aimar Olaizola, Lizarran jokatu den partidaren une batean. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Aimar Olaizola, Lizarran jokatu den partidaren une batean. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Olaizola II.ak eta Albisuk bigarren garaipena lortu dute aurtengo Binakako Txapelketan leporaino bete den Lizarrako Remontival pilotalekuan, jokatutako bi partidak galdu egin dituzten Bengoetxea VI.ari eta Ander Imazi 22-15 irabazita.

Hasiera bikaina eman diote gorriek neurketari. Jon Ander Albisu indartsu sartu da partidan eta Aimar Olaizolak bikain baliatu du haren nagusitasuna erremate sorta ederra sinatzeko. Modu horretan, 5-0 eta 9-1 aurreratu dira markagailuan, erraz irabazteko itxura emanez.

Baina, Oinatz Bengoetxea ez zegoen amore emateko prest, eta sekulako erakustaldia emanda, leitzarrak markagailua zertxobait parekatzea lortu du. Ia beti kontrarasoan jokatuz, tanto sinestezinak egin ditu, dema parekatua ikusi nahi zuten zaleen txaloak bereganatuz.

Gantxoak, txokoan utzitako pilotak, bote lasterrean eramandakoak… mota guztietako erremateak sinatuz aurkariei beldurra bi aldiz sartzea lortu du. Lehenik 10-7 inguratu dira urdinak, eta geroago 17-10etik 17-15era hurbiltzeko gai izan dira.

Baina Albisuk atzera jotako pilotakada bikain batek 18-15ekoa igoarazi du markagailura, eta azken txanpa horretan are eta nabarmenagoa izan da ataundarraren nagusitasuna. Imazi lanak pilatu egin zaizkio eta garaipenak ez die ihes egin gorriei.

Elezkano-Rezusta garaile Bartzelonan

Gaurko beste norgehiagokan, Bartzelonako Vall d'Hebron pilotalekuan, Elezkano II.ak eta Rezustak aise menderatu dituzte Ezkurdia eta Ladis Galartza. Azken hauek 3-1 aurreratu diren arren, hortik aurrera ez da kolorerik egon eta gorriek 22-6 irabazi dute. Lehen garaipena da eurentzat, eta galtzaileek punturik gabe segiko dute.