NAIZ
BILBO

6.000 gazteri alokairurako laguntzak emateko Gaztelagun programa aurkeztu du Lakuak

Urtarriletik aurrera, eta datozen hiru urteotan, 6.000 gazteri alokairua ordaintzeko zuzeneko laguntzak emateko sortu duten Gaztelagun programa aurkeztu du Iñaki Arriola Lakuako Gobernuko Etxebizitza sailburuak. 54 milioi euroko aurrekontua du egitasmoak. 

Gaztelagun programa aurkezteko agerraldia, Bilbon. (IREKIA)
Gaztelagun programa aurkezteko agerraldia, Bilbon. (IREKIA)

Heldu den urtarrilaren 1ean indarrean sartuko da Lakuako Etxebizitza Sailak abian jarri duen Gaztelagun programa, datozen hiru urteotan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 6.000 gazteri arreta emango diena.

Iñaki Arriola sailburuak azaldu duenez, alokairua ordaintzeko zuzeneko laguntzen bidez, gazteen emantzipazioa sustatzeko sortutako egitasmoa da.

«Gazteen premiei eta, batik bat, ezegonkortasunaren eraginpean daudenen premiei eta, gainera, lana dutelako, sarrera-maila gainditzen dutelako edo familia-kargarik ez dutelako alokairuaren gizarte-sistematik kanpo geratzen direnen premiei erantzuteko bultzada irmoa da. Egoera hori bidegabea da, eta irtenbidea eman nahi diogu eta, horretarako, bermeak dituen bizi-proiektu autonomoari ekiten lagundu nahi diegu; izan ere, laguntza eduki ahalko dute hiru urtez jarraian», esan du sailburuak, programak 54 milioi euroko aurrekontua izango duela zehaztuz.

Programa diru-sarrera erregular bat duten 23 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. 

Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren kopurua gainditu behar dute (7.734 euro aurten) eta, aldi berean, 15.000 eurokoak edo hortik beherakoak izatea bakarkako eskatzaileen kasuan. Familia-unitateen kasuan, muga 20.000 eurokoa izango da eta 25.000koa familia ugarienean.

Etxebizitzaren errentak ezingo du hilean 750 eurotik gorakoa izan Bilbo, Donostia eta Gasteizen kasuan; 650etik gorakoa hiriburuen metropolialdeetan eta 10.000 biztanletik gorako udalerrietan; eta gehienez 600 eurokoa gainerako udalerrietan.

Laguntza, gehienez, errentariak hilean ordaintzen duenaren %50ekoa izango da eta, asko jota, hiru urtez jaso ahalko da.

Prozedura guztiak online egin ahal izango dira, Alokabideren webgunearen bidez.