NAIZ
GASTEIZ

«Eusko Label armei» buruzko jardunaldiak antolatu dituzte Gasteizen

Urtero «500 milioi eurotik gorako irabaziak» dituen euskal industria militarraren inguruko errealitatea ikustarazi eta salatzeko asmoz, zenbait eragilek ‘Gerrarako Eusko Label Armak’ izenburupeko jardunaldiak egingo dituzte Gasteizen, hilaren 22tik otsailaren 2ra. 

‘Gerrarako Eusko Label Armak’ jardunaldien aurkezpena. (NAIZ)
‘Gerrarako Eusko Label Armak’ jardunaldien aurkezpena. (NAIZ)

Gasteizko Zapateneo elkartean eginiko agerraldi batean, heldu den asteartetik otsailaren 2ra egingo diren ‘Gerrarako Eusko Label Armak’ jardunaldiak aurkeztu dituzte. 

Azaldu dutenez, euskal industria militarraren errealitatea ikustarazi eta salatzeko helburua daukate jardunaldiek. «Euskal Herrian babarrunak, orburuak, patatak eta piperrak baino zerbait gehiago ekoizten da. Euskal Herrian armak ekoizten dira, gerrarako armak, hiltzen duten armak», nabarmendu dute. 

Euskal industria militarrak urtero 500 milioi eurotik gorako irabaziak dituela gaineratu eta zehaztu dute ehun baino gehiago direla produkzio osoa edo zati bat armen ekoizpenera bideratzen duten euskal enpresak, «haietako batzuk Espainiako sektore militarrean garrantzitsuenen artean daudelarik». 

Produkzioaren %80a esportatu egiten dela adierazi dute, bai Europako herrialdeetara («ondoren NATO, MEB eta abarren gerra operazioetan» erabiltzeko) bai «gatazkan dauden herrialdetara, hala nola, Saudi Arabia, Turkia, Israel edo Egiptora». 

Gai honen inguruan «euskal instituzio publiko zein pribatuen inplikazio eta hipokresia» arbuiatzeaz gain, jendarteari ere dei egin diote «gerraren inguruan dugun konplizitateari buruz hausnar dezan eta jarrera kritikoa ager dezan». 

Era berean, instituzio publikoei ere eskatu diete «gure herrira heltzen direnen benetako harrera duina, maila guztietako integrazioa ahalbidetzeko behar diren neurriak hartuz». «Gure lehergailuek milaka pertsonen ihesaldi behartua eragiten badute –esan dute–, harrera herria izateko betebarra dugulako».

Testuinguru horretan kokatu dituzte, hain zuzen, ekitaldi desberdinak izango dituzten jardunaldiak: hitzaldiak, antzerkia, dokumental emanaldia eta bertako produktuen azoka. 

Honako eragileek bat egin dute jardunaldiak antolatzeko: Askapena, Bake Ekintza Antimilitarista, Bardenas Libres, Emakumeok Gerraren Aurka, Gasteizkoak, Greenpeace, Iruña Harrera Hiria, KEM-MOC, La Guerra Empieza Aquí, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Oxfam Intermon eta Setem.