Independentistak Sareak ez du inolako deialdirik egingo aurtengo Aberri Egunean

Aurten Independentistak Sareak Aberri Eguneko deialdirik ez egitea erabaki du eta ez du ez manifestaziorik ez inolako ekitaldirik antolatuko. Aberri Egun «bateratu» bat antolatzea ez dutela lortu ondorioztatuta eta, adierazi dutenez, aurten hauteskundeak gertu izanen direla kontuan hartuta «ez dago mezua gizarteratzeko aukerarik alderdien arteko lehia eta konfrontazioaren eraginak distortsionatu edo kutsatu gabe».

naiz|2019/02/05 12:20
Independentistak
Independentistak Sareak gaur iragarri du ez duela deialdirik eginen 2019ko Aberri Egunerako. (Monika DEL VALLE / FOKU)

Independentistak Sareak azken bederatzi Aberri Egunak antolatu ditu, 2010etik hona, baina 2019ko Aberri Egunari begira «baldintzarik ez dagoela» ondorioztatuta, ez du aurtengoa antolatuko. 

Ekimena antolatzeko orduan. «Aberri Eguna ez dela alderdien eguna, Euskal Herriaren Eguna dela» azpimarratu du. «aldarrikapena eta jaia» uztartuta, «alderdi eta familia politiko zehatzetatik harago, sentsibilitate desberdinetako herritarrek elkarrekin ospatzeko eguna».

«Ahalegin handia egin dugu norabide horretan eta antolatu ditugun Aberri Egun guztiak oso arrakastatsuak izan dira, baina ez dugu lortu orain hamar urte mahai gainean jarri genuen erronka», adierazi dute prentsaurrean. «Ez dugu Aberri Egun bateraturik lortu eta, gainera, era zabal eta parte-hartzailean antolatu dugun arren, joko-zelai politikoan agintzen duen alderdien logikaren ondorioz, jende askok ezker independentistaren Aberri Egunarekin identifikatu du gurea», gehitu dute.

Horren aurrean «jauzi berri bat egiteko unea» dela iritzi du Independentistak Sareak. «Gaiaren inguruan hausnarketa egiteko» eskatu zieten eragile politiko eta sozialei eta «balizko burujabetza prozesu bati begira Aberri Egunak bere tokia eta bere papera izan beharko luke joko-zelai politikoan» defendatu zuten. Kataluniako Diada hartu dute erreferentzia gisa. «Ildo horretan, datorren urteko Aberri Egunean urratsa egitea planteatzen genuen: gure herriaren etorkizuna erabakitzeko eskubidean eta demokrazian oinarrituta eraikitzearen alde dauden eragile politiko eta sozial guztiek bultzatutako Aberri Egun bateratua antolatzea proposatu dugu. Ziur gaude euskal herritarren gehiengo oso zabalak eta diaspora osoak ilusio handiz hartuko luken berria dela».

Baina erantzun falta bat egon dela iritzita, ez dute 2019an Aberri Eguna antolatuko: «2019ko Aberri Egunari begira jauzi hori egiteko baldintzarik ez dagoela ikusi dugu. Maiatzean udal, foru eta europar hauteskundeak izango dira eta alderdiak kanpainaurrean bete betean sartuta egongo dira Aberri Egunean. Egoera horretan lehia politikoa gailentzen da amankomuneko edozein proposamenen gainetik».

Horretatik Aberr Eguna antolatzea «antzua» izanen zela iritzi du. «Hauteskunde garaiaren erdian ez dago gure mezua gizarteratzeko aukerarik alderdien arteko lehia eta konfrontazioaren eraginak distortsionatu edo kutsatu gabe. Are gehiago, gure planteamendu bateratzailea aurrera begira erre besterik ez litzateke egingo maila handi baten».

Hala ere, egoera hau «parentesi bat besterik ez duela izan behar» nabarmendu dute. «Aurten egin nahi genuen jauzia, baina, 2019koan ezinezkoa egin zaiguna 2020ko Aberri Egunean lortzeko lanean hasiko gara jadanik. Gure herriaren etorkizuna erabakitzeko eskubidean eta demokrazian oinarrituta eraikitzearen alde dauden herritar eta eragile politiko eta sozial guztiek bultzatutako Aberri Egun bateratua lortzeko helburuarekin».