naiz

EAE eta Ipar Euskal Herriko pilota federakuntzek «oso larritzat» jo dute Bixintxo Bilbao zigortzea

Bixintxo Bilbaok, Bartzelonako munduko txapelketan ikurrina ateratzeagatik jasotako zigorra «oso larria» dela adierazi dute EAEko Euskal Pilota Federakuntzak, Bizkaikoak, gipuzkoarrak, arabarrak eta Iparraldeko Pilota Batzordeak, ohar baten bidez. Zentzu horretan, «elkartasun eta babes osoa» adierazi diote trinketelari ziburutarrari.

Bixintxo Bilbao iazko finalean ikurrina eskuan. (FFPB)
Bixintxo Bilbao iazko finalean ikurrina eskuan. (FFPB)

Nazioarteko Pilota Federazioak hamabi hilabeteko zigorra ezarri dio Bixintxo Bilbao trinketistari iaz Bartzelonan jokatu zen Munduko Txapelketako sari banaketan ikurrina ateratzeagatik. Honen aurrean, EAEko Euskal Pilota Federakuntzak, Bizkaikoak, gipuzkoarrak, arabarrak eta Iparraldeko Pilota Batzordeak «elkartasuna eta babesa» adierazi diote.

Trinketeko frantziar selekzioarekin hartu zuen parte Bilbao ziburutarrak lehiaketan, eta baita urrezko domina irabazi ere, eskuz binaka Peio Larralderekin batera. Sari banaketan ikurrina atera zuten. Zigor hau bertan behera uztea eskatu dute eta «etorkizunean horrelako egoerarik berriz ere ez errepikatzea» defendatu.

Federakuntzek igorritako mezuan, «oso larritzat» jo dute «Euskal Pilota izenburutzat duen kirol batean ikurriña erakustearren zigorra ezartzea».

Elkartasuna eta babesa Bartzelona ospatutako munduko txapelketa hartara joateari ezetz esan zioten euskal pilotarie guztiei ere luzatu nahi izan diete.

Lakuako Gobernuko Kirol zuzendaritzak ere gutuna igorri zion Nazioarteko Euskal Pilota Federazioari zigorra bertan behera uztea eskatuz.