Kortaturen errepertoriora buelta Gazte Topagunean, Pikete Lerroarekin

Fermin Muguruzak eta Des-kontrolek elkarrekin Pikete Lerroa osatu zuten Arrasateko Shot estudioarekiko elkartasun kontzertu bat eskaintzeko. Ez zen hauen kontzertu berririk espero baina Lemoako Gazte Topagunean izango direla iragarri dute antolatzaileek. Kortaturen hainbat abesti dakartza bueltan proiektu honek, beste hainbat sorpresarekin batera. 

NAIZ|2019/03/15 08:56
Fmuguruza
Pikete Lerroaren kontzertua urte hasieran Arrasateko gaztetxean. (Fermin MUGURUZA)

Tantaka Lemoako Gazte Topagunea inoiz gutxitan ikusi den jaialdiaren itxura hartzen ari da. Azken iragarpena Pikete Lerroarena da. Fermin Muguruza eta Des-kontrol taldeak elkarrekin osatu zuten proiektua da, Arrasateko Shot estudioa erre ostean honekiko elkartasunez urte hasieran izan zen kontzertu berezirako. 

Kortaturen hainbat abesti berreskuratu zituzten kontzertu berezi hartan, baita RIPen 'Lepoan Hartu' ezagunaren bertsioa ere. Ikusgarria izan zen emaitza eta ez zen espero proiektu honen beste kontzerturik, baina gaur iragarri dutenez apirilaren hondarrean Lemoan ospatuko den jaialdi handian eskaintza berezi honetaz gozatzeko aukera izango da. 

Loading player...

Apirilaren 19tik 22ra Lemoan 50etik gora talde izango dira, 1994tik hona gazteria independentistak udaberri oro antolatu duen jaialdiari keinu dezente eginez, gainera. 

Azken egunetan iragarri dituzten taldeen artean Skabidean & The Black birds, Rude Pride, Des-kontrol bera eta Su Ta Gar. Espainiar agintariengatik ihesi egin behar izan duen Valtonyc-en kontzertua ere iragarri dute, modua zehaztu gabe. Pasa den hilean zerrenda luze baten iragarpena ere egin zuten aipatuz Topagunean izango direla Gatibu, KOP, Banda Bassotti, Huntza edo La Furia, besteak beste. 

Muguruza eta Gazte Topagunea, mende laurdena eskutik

Iragarpenarekin batera Fermin Muguruzak udaberriko gazte ekimen honekin izan duen harremana nabarmendu dute antolatzaileek. 1994ko lehen Gazte Topagune hartan bertan zen Fermin Muguruza ere, Etxarri-Aranatzen Banda Bassottirekin kolaboratzen. Aurtengoan biak elkartuko dira Lemoan, kolaborazio berririk izango al da? Hara hor zalantzetako bat. 

Bi urte beranduago antolaketa lanetan izan zen Muguruza bera Zaldibian. Gau berean DUT, Zebda, Negu Gorriak eta Body Count aritu ziren. 1998an DUT eta Fermin Muguruza elkarrekin osatu zuten 'Ireki Ateak' diskoarekin joan ziren Oiartzunera eta bi urte beranduago, Kanbora DUB manifest bandarekin. 

2004ko Gazte Topagunearen kantuak Fermin Muguruzaren sinadura zeraman, 'Bideak'. 

Espainiako Auzitegi Nazionalera ere joan behar izan zen 2005ean, Gazte Topaguneen antolaketan laguntzaile gisa Jarrai, Haika eta Segiren aurkako epaiketan lekukotza ematera. 

Azken urteetako bestelako lanek eraginda ez du udaberriko jaialdian izateko aukerarik izan baina aurten bai, hainbat talde lotzeko lanetan laguntzeaz gain Pikete Lerroarekin izango baita Lemoan. 

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK