Nafarroako bertsogintzari punta atera nahi diote Anaitasunako finalean

Gaur aurkeztu dute Nafarroako Bertsolari Txapelketaren finala Anaitasunan, Iruñean. Zortzi bertsolari arituko dira zein baino zein, bakoitzak bere mamu eta gihar. Bertsoaren ekosisteman ofizio eta egiteko asko dituen Joxema Leitzak jantziko dio txapela txapeldunari.

Amagoia Mujika Telleria|2019/03/15 12:55
Bertsolariak_nafarroa
Nafarroako Bertsolari Txapelketaren finalaren aurkezpena. (Idoia ZABALETA / FOKU)

Azken geltokira iritsi da Nafarroako Txapelketa. Datorren martxoaren 23an jokatuko da finala Iruñeko Anaitasunan. Bertan kantuan arituko dira Eneko Lazkoz, Xabier Terreros, Joanes Illarregi, Eneko Fernandez, Julio Soto, Julen Zelaieta, Xabat Illarregi eta Xabier Maia.

Txapeldunari txapela Joxema Leitzak jantziko dio. Bertsoaren ekosistema ofizio eta egiteko askok osatzen eta aberasten dute eta horietako asko bere baitan biltzen ditu Leitzak, atzoko aurkezpenean nabarmendu zutenez. Bertsolari, epaile, gai-jartzaile, antolatzaile, bertso irakasle...lan anitzetan aritu izan da eta dabil arbizuarra.

Finalaren aurkezpenean izan dira Nafarroako Bertsozale elkarteko ordezkariak eta baita Iruñeko Udalekoak ere, txapelketak Udalaren babesa izan baitu ibilbide osoan. Batzuek zein besteek nabarmendu dutenez, helburu indibidualez harago, Nafarroako finala euskalgintzaren hitzordu eta galiur garrantzitsua da.

Esanda bezala, zortzi finalista izango dira, horietatik bi berriak. Xabat eta Joanes Illarregi anaiak, hain juxtu. 17 eta 19 urteko anaia leitzarrek kolore berezia emango diote zalantzarik gabe hitzordu handiari. Bata zein bestea finalerako gogoz agertu dira, irabazteko asko eta galtzeko gutxi daukanaren freskotasunez.

Gainontzekoek ezagutzen dute Nafarroako finala. Julen Zelaietarentzat hamaikagarrena izango da; Julio Sotorentzat, bederatzigarrena; Eneko Lazkoz eta Xabier Terrerosentzat, seigarrena; Eneko Fernandezek bere laugarren finala jokatuko du eta Xabier Maiak, bigarrena.

Zortzikotean, gainera, aurretik txapela jantzitako bi daude. Julio Sotok lautan jantzi du Nafarroako txapela eta Julen Zelaietak, behin. Eta aurtengoa, 44. ediziokoa, nork jantziko duen ikusiko da datorren martxoaren 23an, arratsaldeko bostetatik aurrera. Sarrerak salgai daude dagoeneko www.bertsosarrerak.eus helbidean.