@Maite_Ubiria
HENDAIA

Txaleko Horiek justizia sozialaren aldeko aldarrikapenak kalera atera dituzte Hendaian

Hogei asteburu igaro dira Txaleko Horien mugimendua abian jarri zenetik, iazko azaroan, eta mobilizazio ekimenak, dezente ahulduta bada ere, aurrera darrai. 300 bat lagun elkartu dira gaur Hendaian. Herrian zehar justizia sozialaren aldeko aldarrikapenak zabaldu dituzte. Ondoren lagun arteko egun pasa atsegin batez gozatzeko aukera hartu dute, hondartza aldera piknikatuz. 

Txaleko Horien mobilizazioa, Hendaian.
Txaleko Horien mobilizazioa, Hendaian.

"Ez gara aski peajea oztopatzeko". Bozgorailua eskutan, gaurko mobilizazio egunaren arrazoiak azaldu dituen manifestariak argiki adierazi du denon ahotan zegoen sentimendua. 300 bat lagun elkartu dira 11.30ak aldera Itzura (Joncaux) auzoan dagoen merkatal gunean.

Indarrak mugatuak zirela ikusita, hitzartze labur baten ondotik, ibilbidea aldatzea erabaki dute. Pausu aldera joan beharrean, hiriko karrika nagusietatik gaindi abiatu dira.

Manifestazioaren buruan hastapenetik Txaleko Horiek bere egin dituzten aldarrikapenak: justizia fiskala, zerbitzu publikoen defentsa, iruzur fiskalaren salaketa eta herritarrek bultzaturiko erreferenduma galdegin dituzte.

Macronen aldeko kantuak errepikatu dituzte etengabe. "Hemen gaude, Macronek hala nahi ez badu ere" eta "Ez dugu amore emango" izan dira gehien entzun diren oihuak.

Tarteka, manifestazioaren aitzinean bengalak piztuta eraman dituzten lagunek margoketak egin dituzte bidean. Poliziak ondoan baziren ere, ez dute aparteko arazorik izan bere kexa adierazteko.

"Zerbitzu publikoak denon artean defenda dezagun" leloa duen banderola ezarria dago Herriko Etxearen fazadan, eta bertan geldiune egin du martxa horiak.

Handik, Herri Xabaleta auzora jo du martxak, horren ondoren itsasoaren ibilbidea hartuz. Protesta egitearekin batera, lagun arteko egun atsegina igarotzea buruan zeukaten manifestari askok. Are gehiago kontuan hartuta haien artean Landesetatik heldutako hainbat lagun bazirela. Hondartza auzoan atseden hartu dute, eguzkipean mokau bat hartzeko. Indarrak biltzeko keinua, heldu den asteotan berriz ere karriketara ateratzeko asmoa dutelako.