Asier Aiestaran

Bizkaiko eta Gipuzkoako Batel Txapelketen finalak jokatu dira Sestaon eta San Pedron

Bizkaian Santurtzi nagusitu da senior mutiletan, eta Kaiku izan da onena emakumezkoetan. Gipuzkoan, berriz, Donostiarrak irabazi du gizonezkoetan eta Hibaika izan da onena nesketan.

Bizkaiko Batel Txapelketen finalak Sestaon jokatu dira gaur goizean, eta senior mutiletan Santurtzik lortu du garaipena 8:35.15 denborarekin. Bigarren Zierbena izan da, azken urteotako dominatzailea, 12.48 segundora; eta hirugarren postua Kaikurentzat izan da 22.88ra.

Emakumezkoen maila nagusian, Kaiku izan da azkarrena 9:59.45eko marka ezarriz. Bigarren Deustu sailkatu da 9.73 segundora eta hirugarren Lutxana, 11.05era.

Beste mailetan hauek izan dira urrezko domina lortu dituztenak: jubenil mutiletan Zierbena; jubenil nesketan, kadete mutiletan eta infantil nesketan Kaiku; kadete nesketan, infantil mutiletan eta alebin mutiletan Isuntza; eta alebin nesketan Ondarroa.

Gipuzkoako finalak, berriz, Pasai San Pedron jokatu dituzte, eta senior mutiletan garaipena Donostiarrarentzat izan da 8:36.52ko denborarekin. Bigarren Zarautz izan da 14.52 segundora, eta hirugarren Orio 21.10era.

Emakumezkoen senior mailari dagokionez, irabazlea Hibaika izan da 9:56.00ko markarekin. Donostia Arraun Lagunak bigarren izan da 4.58 segundora eta San Juan hirugarren 5.62ra.

Beste mailetako irabazleak, hauexek: jubenil mutiletan eta infantil nesketan San Juan; jubenil nesketan eta promesa nesketan Orio; eta kadete mutiletan eta infantil mutiletan Zumaia.