Gazte Topagunearen jarraipena zuzenean, NAIZ Irratian

Lemoan ekimen erraldoia antolatu dute Ernaik eta Aitzinak astebururako. NAIZ Irratiak bertatik zuzeneko emankizunak eskainiko ditu larunbatean, igandean eta astelehenean.

NAIZ|2019/04/17 16:35
0418_topagunea
Akeita Naiz gunearen muntaketa lanak Lemoan. NAIZ

Festa eta aldarrikapena eskutik iritsiko dira Lemoara heldu den asteburuan. Gazteri independentistaren topaleku bihurtuko da Ernaik eta Aitzinak antolatu duten Gazte Topagunea eta NAIZ Irratiak zuzenean emango du horren berri.

Bertatik egingo du gainera, larunbatetik astelehenera eskainiko dituen saio berezietan. Goizeko 09.30ean hasita eguerdia arteko saio bereziak izango dira eta ekimenaren beraren egitaraua ardatz hartuta osatutako programazioa izango da. Lemoan direnek bertatik bertara entzungo dute eta FMz eta internetez ere entzun ahalko da programazio berezia (FM: Bilbo Handia, 92.2; Urola, 91.8; Goierri, 102.2; Donostialdea, 93.8; Leitza, 95.1; Gasteiz, 91.5)

Gonbidatu ugari pasako dira Akeita Naiz gunean jarritako set-etik. Aurreko eguneko hitzaldien errepasoa, kale inkestak, eta eguneko egitarauaren errepasoa eginen da noski. Hiru egunetan zehar tailer gidari, hitzaldietako protagonista eta musika talde ugari pasako dira NAIZ Irratitik. Igandeko saioa izanen da bereziena, Euskal Rap Freestyle saioa antolatu baitu 11.15etik aurrera.

Inprobisazioa eta kantua Euskal Herrian aspalditik txertatuta dagoen ohitura da, euskarazko rap inprobisazioa, ordea, hastapenetan da. Izar Mendiguren, Odei Barroso eta Ekaitz Astiz ariko dira errimekin inprobisatzen, ‘Master of Ceremony’ lanetan ibiliko da Haritz Casabal eta haren ondoan DJ lanean ‘Txino’. Saioa Akeita Naiz gunean izanen da eta FM bidez ere zabalduko da.

Arnaldo Otegi eta GARAren egoera

Emanaldi berezi hauez gain, NAIZ Irratiak zuzenean eskainiko ditu beste hitzaldi batzuk ere. Larunbatean, arratsaleko 16.00etan, Iñaki Soto eta Iraia Oiarzabalek gidatutako ‘Gazteak eta kazetaritza Euskal Herrian’ hitzaldia zuzenean emitituko da. GARA egunkariaren aurkako erasoen testuinguruan, gaiari heldu eta iraganeko auziez, egungo egoeraz eta etorkizuneko erronkei buruz hitz egingo dute GARA egunkariko zuzendariak eta kazetariak.

Egun berean, larunbatean, 18.00etan Arnaldo Otegi arituko da hizlari ‘Iraganetik etorkizunera’ izenburu izango duen saioan. Hau ere zuzenean entzun ahal izango da NAIZ Irratian. Saioan modu ezberdinetan hainbat gonbidatu berezik gidatuko dute, ikuspegi ezberdinetatik gaur egungo testuinguru nahasian begirada oso bat eraikitzeko.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK