‪Txomin Solabarrieta Etxaburu‬ ‪ohorezko euskaltzaina‬ zendu da

‪91 urte zituela zendu da Txomin Solabarrieta Etxaburu, Begoñan (Bilbon). Ondarroan jaio zen, 1927an. Abade egin ondoren, euskara bultzatu zuen Bizkaiko parrokietan. Adorez taldeko kide ere bazen eta hamabost hiztegiren argitalpenean parte hartu zuen.

NAIZ|2019/04/17 13:05
Txomin-solabarrieta
Solabarrietak Urrezko Luma jaso zuen 2011ko Bilboko Liburu Azokan. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

‪Txomin Solabarrieta Etxaburu ohorezko euskaltzaina hil da, 91 urte zituela, Begoñan (Bilbon). Ondarroan jaio zen, 1927an. Abade egin ondoren, euskararen sustatzailea izan zen Bizkaiko parrokietan, eta elizbarrutiko itzultzaile ofiziala ere bai. Adorez taldeko kide, hamabost hiztegiren argitalpenean parte hartu zuen.

Euskaltzaindiak nabarmendu duenez, aparteko lana egin izan du ondarroarrak itsas munduko lexikoa taxutzen, sinonimoak aukeratzen nahiz egokitzen, eta, batez ere, Aditz Hiztegirako milaka esaldi prestatzen.

‪Ohorezko euskaltzain izendatu zuten 2018ko apirilaren 27an eta Urrezko Luma jaso zuen 2011ko Bilboko Liburu Azokan.

Bere idazlanen artean daude 'Sinonimoen hiztegia' (elkarlanean, 1984)‬, 'Adorez hiztegiak: euskara-gaztelania = castellano-vasco' (elkarlanean, 2009)‬ eta 'Eskola hiztegia: oinarrizko hiztegia' (elkarlanean, 2013).‬

Euskaltzaindiaren omenaldia

Andres Urrutia euskaltzainburuak honakoa adierazi du kideari buruz: «Giza-testigantza egokia eman du Txominek, fedea eta euskara uztartuz. Euskara bizia jasotzeko gogoa zeukan, Hiztegigintzaren bidez dotore egin zuena».

Patxi Uribarren Leturiaga euskaltzain emerituak, bestalde, testu bat eskaini dio. Euskaltzaindiak plazaratu du bere webgunean (euskaltzaindia.eus). Honela dio: «Ez dakit non eta noiz ezagutu zintudan. Badakit hirurogeiko hamarkadan izan zela. Euskara eta euskal kultura arnasa hartu ezinda, hil zorian, bizi nahirik eta ezinik zirenean. Beharbada UEUn izango zen. Agian gau eskolak indartzen ari ginen irakasleon batzarren batean. Batek daki! Akaso isilpeko bertso saioren batean, dantza-emanaldi erdi klandestinoan edota euskararako dirua biltzeko antolatutako kantaldiren batean (...)».

«(...) Ibilbide oparoa egin duzu, poza eta itxaropena erein dituzu inguruan, beti eskuzabal jokatu duzu. Horren lekuko ditugu inguruan bildu duzun adiskide talde handia. Gogotsu jardun izan duzu gure herriaren, bereziki euskararen alde (...) Agur, bihotzez, Txomin, Aitaren etxean zoriontsu elkarrekin bildu arte!».

Hileta-elizkizuna datorren asteazkenean izango da, Begoñako baselizan (Bilbon), 19.00etan.

 

En la última aportación al debate, el periodista Fermin Munarriz analiza la importancia que tienen los medios de comunicación en la formación de la identidad de una comunidad. Desde esa perspectiva considera que EiTB debe dejar de lado competencias estériles con grupos exteriores y empezar a pensar y actuar en clave de país.

EITB, TERRITORIO, CULTURA, SOCIEDAD
Fermin MUNARRIZ