Julen Retegi akademiko batek ez du arazorik izan Unai Lasoren aurka (22-8)

Eratsungo aurrelaria ideiak oso garbi zituela irten da kantxara, fisikoki ere hobeto prestatuta eta ez dio aukerarik eman Laso gazteari.

Jon Ormazabal|2019/04/22 20:30
Retegibi
Julen Retegi, pilota astintzeko prest Lasoren aurrean. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Julen Retegik ez ditu agian beste batzuk izan ditzakeen dohain fisikoak, ez gutxienez aurkaria pilotakada ateratzeko kolperik, baina gutxi dira kantxa berak bezala dominatzen dutenak eta jakintza hori nahikoa izan du Unai Laso gazteari irabazteko inolako aukerarik ez emateko.

Bi eskuekin gozatu ditu ia jotako pilotakada guztiak eta pilota ezker paretara sartuz, bere kontrolpean izan du Unai Laso. Partida azkarra izan da Beotibarren jokatutakoa eta hiru fasetan jokatu dela esan genezake. Lehenengoan partida ia erabakita utzi du Julen Retegik, gauzak oso ondo eginez, 12-2 aurreratuta. Lehen atsedenaldi luzearen ostean etorri da Unai Lasoren momentua. Sakearekin, altura handia emanaz, min asko egin dio Baikoko aurrelariak aurkariari eta lau tantora gerturatzea lortu du (12-8).

Hor amaitu dira, ordea, Bizkarretako pilotariaren esperantzak. Tantu luze pare bat egon dira eta bete bezala egin da partidarik jokatuko gabe bolada luze xamarra zeraman pilotaria eta amore eman behar izan du. Julen Retegik berriz ere hartu du jokoaren ekimena eta gauzak oso zuzen eginez, zuzenean joan da 22. kartoira. Oinatz Bengoetxea izango du hurrengo aurkaria Eratsungoak larunbatean Labriten.