Sakonean
Euskal Herria eta ISS

Hauxe ekimen estratosferikoa. Ez, ez da kazetariok erabili ohi dugun metafora exajeratu horietako bat, baizik eta Bergarako Aranzadi Ikastolak ISS (International Space Station) delakoarekin egin duen konexioa definizitzeko adjetibo egoki bat. Izan ere, irrati bidez, Aranzadiko hamazazpi ikaslek hainbat galdera egin ahal izan dizkiote gure gainetik 408 kilometrora dagoen ISS-ko Nick Hague astronauta estatubatuarrari, baita honek erantzun ere.

Gotzon ARANBURU|BERGARA|2019/05/17 15:40
Loading player...

Duela 21 urte jarri zuten espazioan ISS. Munduko bost espazio agentziak dute ekimenaren ardura, elkarlanean: NASA estatubatuarrak, FKA errusiarrak, JAXA japoniarrak, CSA kanadiarrak eta ESA europarrak. Estazioan etengabe dago jendea (bi astronauta gutxienez), bost agentzia hauek bidalitako gizon eta emakumeak txandaka egiten baitituzte egonaldiak han goian, etenik gabe, lurraren orbita ikertzen. Momentu honetan, 110 x 100 metroko azalera du estazioak. Lurrari bira osoa emateko 92 minutu besterik ez ditu behar ISS-k, eta gutxienez 2024ra arte funtzionatuko duela aurrikusten da.

Ez da broma orduko 27.000 kilometrotan doan tramankulu batekin bat egitea, baina Aranzadikoek gauzak ondo prestatuta zituztela ikusi ahal izan dugu ostiral goiz honetan. Miren Kaperotxipi izan da telefonoz Ingalaterrako irratizale batekin aurrena hitz egin duena, ikastolako aretoa leporaino betetzen genuen hedabide, ikasle eta irakasleen aurrean. Umorezko momentua ere egon da, ingelesak Mirenen abizena jakin nahi izan duenean: Kaperotxipi dela entzun duenean, Miren deitzen jarraitzea nahiago izan du… Ingelesaren bidez Martin Diggens australiarrarekin egin dute konexioa bergararrek, eta Digginsen irratiaren irismen eremuan sartu denean ISS… konexioa estratosferarekin!

Ikasle bakoitzak bere galdera paperean idatzita zeukan, eta ikusi ahal izan dugunez, askotan errepikatua buruan, di-da batean eta zalantzarik gabe bota dizkiote-eta astronautari. Baita honek egoki asko erantzun ere; entzun ere oso ondo egiten zen elkarrizketa ikastolako aretoan, interferentzia gutxirekin. Denetarik galdetu diote bergararrek: beldurra pasatzen al duzu espazioan? nola dakizue noiz gosaldu, bazkaldu eta lo egin? (galdera pertinentea, kontuan edukita ISS-eko astronautek egunero hamalau aldiz ikusten dutela eguzkia sartzen eta irteten, munduari bira ordu eta erdian ematen baitiote…), begiak itxita deserosoa al da erradiazio kosmikoa? zer sentitzen duzu esnatu eta Lurra hain urrun ikustean? erlojuak berdin funtzionatzen al du espazioan eta Lur planetan?…

Baina seguru asko galdera bitxiena zazpi urteko Maialen Garcia Urbietak egin diona izango zen: ametsetan egiten al duzu lo egiterakoan? Baietz erantzun dio Haguek, bere emaztearekin eta bere familiarekin egotearekin egiten duela amets. Hogei galdera zituzten prestatuta Aranzadikoek, baina hamazazpi bakarrik egiteko eman die denbora. Oier Sanchez Mujikak bere galdera bota duenean (zer egiten duzue gaixotzen zaretenean?) orduantxe eten da konexioa, eta interferentzia burrundara nagusitu da telefono hariaz. Aurrikusita zegoen 10-11 minutuko konexioa izango zela, eta hala gertatu da. Goi alde horretan orduko 27.000 kilometrora joatearen ondorioa…

Edozein kasutan, dena primeran atera dela ezin uka. Horren adierazle izan dira saioa bukatutakoan bertaratutakoen artean emandako besarkadak eta entzundako barreak, aste askotako prestaketa lanetan pilatutako tentsioa askatzearekin batera.

Irrati-afizionatuen bidez

2001 urtean hasi ziren Europako ikastetxeak ISS-arekin konexioak egiten. Orduz geroztik Europan 526 ikastetxe konektatu dira Nazioarteko Espazio Estazioarekin; horietako 135 italiarrak izan dira, 40 Alemaniakoak, beste hainbeste Estatu frantsesekoak eta 14 besterik ez Estatu espainiarrekoak. Orain Aranzadi Ikastola sartu da klub horretan, zeinean bazegoen aurretik Euskal Herriko beste eskola bat, hain zuzen ere Donostiako Summa Aldapeta, joan den urteko amaieran egin zuen konexioari esker.

ARISS programa deitzen da eskolak-ISS lotura ahalbidetzen duen hau (Amateur Radio on the International Space Station). Izenak erakusten duen moduan, mundu mailako irrati-afizionatu sare bati esker lortzen da konexioa egitea. Jakina, Bergaran eta Deba bailaran badira irrati-afizionatu jaioak, konexio hori egiteko behar adina jakinduria dutenak, baina Bergara dagoen tokian dago, mendi arteko bailara batean alegia, eta horrek oso zail egiten du lotura espazioarekin. Oso polita litzateke, hori bai, Direct eran ISS zure buru gainean dagoen momentu berean egitea konexioa, baina horretarako zerumuga laua behar da; baldintza ideal horretan, 11 minutu ere iraun dezake konexioak. Arazo hori dela eta, Telebridge eran egin behar izan dute lotura bergararrek, hau da, toki lau eta egoki batean kokatutako irrati-afizionatu baten bidez konektatuz, eta aipatu Martin Diggens australiarra izan da horretaz arduratu dena.

Zientziaganako interesa sortzea

Gaurko konexioarekin gailurra jo duen egitasmo honi hasiera eman ziona, nolabait ere, Aranzadiko ikasle bat izan zen, Maider Jorge. Telebistari begira zegoela, hara non ikusi zuen Summa Aldapetakoen konexioaren berria. Atentzioa eman zion eta biharamunean Fisikako irakasleari, Maru Arregiri, komentatu zion. Honek ere izan notiziaren berri, eta bien artean hasi ziren interneten informazioa bilatzen, ea nola egin zitekeen honelako konexio bat. ARISSekin harremanetan jarri eta honek zer baldintza bete behar ziren jakinarazi zien, hautagaien zerrendan sartzeko; inportanteenetako bat, proiektu pedagogiko zabalago bat abian jarri beharra zegoela eskolan, eta ISS-arekin konexioa «azken sari» moduko bat izango zela. Jakina, ARISS programaren azken helburua neska-mutikoei zientziaganako eta espazioganako interesa sortzea da, bihar edo etzi zientzialari edo, nork daki, astronauta izateko gogoa piztea.

Aranzadiko hezkuntza komunitateak zalantzarik gabe eman zion baiezkoa desafioari. Azken hilabeteotan hainbat eta hainbat ekimen burutu dituzte Bergaran, hasi Haur Hezkuntzatik eta Bigarren Hezkuntzarainoko ikasleak inplikatuz, beti ere neska-mutikook espaziora begira jartzeko helburuarekin. Planetak, teleskopikoak, orbitak, koheteak, sateliteak, asteroideak… ohiko gaiak izan dira gelan. Kanpora begirako ekimenen artean (oso kanpora ere…) deigarriena, seguru asko, Pirritx, Porrotx eta Marimotots estratosferara bidaltzea izan da. Lehenago ere antzeko jaurtiketa eginda zegoen Manu Arregi irakaslea, Oñatitik «txantxiku» bat bidalia baitzuen espaziora duela lau urte.

‘Katxiporreta II’ misioan 30 kilometroko altuerara iritsi zen hiru pailazoen panpinak zeramatzan tramankulua, helioz betetako globo batean, eta kamera bat ezarrita zeramanez, irudi ikusgarriak lortu zituen maiatza hasieran. Lurreratu, berriz, Aragoiko Ejea eta Sadaba artean egin zen. Youtuben ‘ISS - ARISS | Katxiporreta II misioa’ bilatu besterik ez dauka bidaia estratosferiko horren berri bertatik bertara izan nahi duenak. Bi mila CD zahar erabilita egindako espazio-ontzi erraldoi bat ikastoako fatxadan zintzilikatu dute, «Unibertso jaia» ospatu dute, irrati-komunikazioko ikastaroa eskaini zaiei ikasleei, Iruñeko Planetarioa bisitatu dute, ‘Ariss-Aranzadi’ logoa diseinatu dute… zerrenda luzea da, bistan denez. DBH 1eko ikasleek, esaterako, Nazioarteko Espazio Estazioan astronautek erabiltzen dituzten kontrol-mahaien maketak egin dituzte.

Komunikazio eta marketing arloa ere ez dute alde batera utzi Aranzadikoek. Horren adibide, gaurko galderak egin dituzten «astronauta» gazteen erretratuekin egindako poster ederra, non horietako bakoitza bere uniforme eta kaskoz hornituta azaltzen den, atzean ikurrina jarrita. Gaurko eszenarioan ere ikurrina zegoen, baita aurkezleen uniformeetan ere. Konexioan zehar umeei mikrofona gerturatu dieten Maider Jorge eta Oier Elortza ez dira nolanahi jantzita azaldu, txaleko eta gorbataz baizik. Lana ere elegante egin dute: oso inportantea zen galdera bakoitza over esanda bukatzea, eta baten bati ahaztu egin zaio, baina berehala konpondu du Maiderrek egoera over! indartsu batekin.

Momentu honetan 58. eta 59. espedizioetako kideak daude ISS estazioan. Lehenengokoek berehala bukatuko dute egonaldia, ekainean itzuliko baitira lurrera Anne Mclain (AEB), Oleg Kononenko (Errusia) eta David Saint-Jacques (Kanada). Irailera arte geratuko direnak dira Christina Koch (AEB), Aleksei Ovtxinin (Errusia) eta Nick Hague, gaur Aranzadi ikastolako neska-mutikoekin hitz egin duen estatubatuarra. US Air Forceko koronela da berez Hague, baina momentu jakin batean astronatua ere izateko gogoa sartu zitzaion eta baita lortu ere.