Pirritx, Porrotx eta Marimotots estratosferan, Katxiporreta misioan

Euskal Herriko sudur-gorri ospetsuenak estratosferara bidali dituzte Bergarako Aranzadi Ikastolako ikasleek, NASAk sustatutako ARISS izeneko proiektuaren baitan.

NAIZ+|2019/05/07 11:17
Loading player...

Bergarako Aranzadi Ikastola NASAk sustatutako ARISS izeneko proiektuan parte hartzen ari da; haur, nerabe eta gaztetxoen artean zientziaren dibulgazioa xede duen egitasmoan.

Ikasleak, astronautak balira bezala, euren misio propioa sustau dute, Bergara abiapuntu eta espazio zabala helburu. Katxiporreta izena ipini diote euren misioari eta Euskal Herriko sudur-gorri ospetsuenak bidali dituzte espaziora: Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak.

Eskuz egindako pailazoen panpinak helioz betetako globo batean sartu eta estratosferaraino, Lurretik 30 kilometrora, bidali zituzten igandean. Igande goizean bidali zituzten pailazoak Bergaratik, bidaia grabatuko duen kamerarekin batera. GPSaren seinalea jarraituz, atzetik joan ziren bergararrak pailazoen bila eta lortutako irudiekin ikusgai duzuen bideoa ekoiztu dute.

Astronautekin berbetan

ARISS pedagogia-proiektuaren baitan egitekoak diren ekimenen artean, ikastetxeen eta Lurretik 400 kilometrora dagoen Nazioarteko Espazio Estazioko (ISS) astronauten arteko zuzeneko elkarrizketa saioa dago.

Lurraren orbitan eraikitako ikerketa zentroa da Nazioarteko Espazio Estazioa da ISS (International Space Station). Lurretik 400 kilometro inguruko altuerara dago eta espazioko bost agentziek hartzen dute parte proiektuan: NASA (Amerikako Estatu Batuak), Rosaviakosmos (Errusia), CSA (Kanada), JAXA (Japonia), ESA (Europa). Sei astronautek osatu ohi dute tripulazioa eta haiekin hitz egiteko beta izango dute Bergarako ikasleek. Emozioz betetako ekimen honen helburua  ikasleak zientzien mundura erakarri eta ikasketa horietan sakontzea da.

Ez da erraza Nazioarteko Espazio Estazioko Irrati Amateurra den ARISS programan parte hartzea. Mundu osoko ikasleentzat dago irekia, haatik, eskola bakoitzak aurrez onartu behar duten pedagogia-proiektu bat aurkeztu behar dute. Aurtengo ikasturtean, Bergarako Aranzadi ikastolaz gainera, Sevillako eta Mallorkako eskola bana hautatu dituzte.