NAIZ

Jendetza bildu da Gladys del Estalen omenezko ekitaldian

Donostiako Egiako parkeko sarreran ‘Gladys Enea’ irakur daiteke orain. Orain berrogei urte poliziak Tuteran hildako Gladys del Estalen omenezko ekimenetako bat izan da.

Gaurko ekitaldia, Egian. (@ehbildu)
Gaurko ekitaldia, Egian. (@ehbildu)

Astelehenean berrogei urte beteko dira Tuterako manifestaldi batean Guardia Zibilak Gladys del Estal gazte ekologista hil zuela eta haren omenezko ekitaldiek hartu dute gaur Donostia, Gladys Gogoan plataformak antolatuta.

Hamaiketan abiatu dira ekimenak, Donostian barrena egin den bizikleta martxa batekin –Bulebarretik Egiara–, eta 12.00etan omenaldia egin diote ofizialki Cristina Enea izena daraman parkean: parkearen sarrerako afixa aldatu dute eta ‘Gladys Enea’ irakur daiteke orain.

Jendetza bildu da ekitaldian eta ‘Gladys Gogoan’ leloak, gazte donostiarraren argazkiek eta nuklearren kontrako banderek hartu dute Egiako parkea. Gladysen omenezko hitzak izan dira ekitaldiaren ardatz, eta lore eskaintza ere egin diote.

Omenaldiaren ostean, Egian bazkari herrikoiarekin jarraitu dute ekitaldiek eta datozen egunetan Donostiatik kanpo ere izango dute gogoan gazte ekologista.

Ekitaldi gehiago

Bihar, esaterako, Tuteran Bardeetako tiro poligonoaren kontra urtero antolatzen duten martxarekin bat egingo dute ekitaldiek –poligono honen aurkako protesta batean hil zuten gazte ekologista– eta astelehenean, hilketaren urteurrenarekin bat eginez, Donostiako EHUko Informatika fakultatean zein Koldo Mitxelena kulturgunean Gladys del Estalen omenezko erakusketa bana inauguratuko da.

Informatika fakultateko ikasle zen Gladys eta, aurreratu dutenez, haren ikaskide eta militantziakide izan ziren hainbat pertsona bilduko dira bertan: ‘Gladys del Estal’ izena emango diote fakutateko areto bati eta Xabier Laka Arte Ederretako irakaslearen obra bat ere jarriko dute.

Eguneko ekitaldi nagusia Koldo Mitxelenan egingo da, 19.00ean. Txuri Ollo eta Karlos Irujo NUPeko antropologoek eta Gladysen lagun Rafa Aldaik hartuko dute hitza, Olatz Beobide antzezleak gidatuta, eta Koldo Almandozen ‘Adiorik gabe, Gladys’ eta Bertha Gaztelumendiren ‘Gladysen leihoa’ film-dokumentalak emango dira. Imanol Alberdi biolin-jotzaileak ere hartuko du parte ekitaldian.