Nagore BELASTEGI
Donostia

Elkartasunaren eta musikaren festa, Illunben

Nork esango zigun 6.000 sarrera salgai jartzean berehala agortuko zirela eta beste 4.000 pertsonari lekua egiteko areto bila hasi beharko ginela? 10.000 pertsona, erraz esaten da. GARA eta NAIZen aldeko elkartasuna uholde bilakatu da, maitasunez eta borondatez.

Barruko eszenatokietan musika taldeak etengabe tartekatzen ari dira. (Iñigo URIZ / FOKU)
Barruko eszenatokietan musika taldeak etengabe tartekatzen ari dira. (Iñigo URIZ / FOKU)

11.00etan zabaldu dituzte Illunbeko ateak gauera arteko kontzertu txikiz osatutako makrofestibala hartzeko. 10.000 pertsona inguru pasatuko dira bertatik, ondo pasatzeko asmoz baina baita GARA eta NAIZeri elkartasuna adierazteko asmoz.

Bazkalordua zen Bad Sound kanpoko karpan ari zenean. «Ezin gaituzte ixildu!», esan du abeslariak. Segituan denak txaloka eta saltoka zituen. Handik gertu zebilen Aulestiko Jon bere lagun koadrilarekin. «Elkartasun eguna da», esan du garagardoa eskuan zuela. Etorkizuna gazteena dela iriztu ostean, bere adinekoen artean kontzientzia falta somatzen duela aitortu du.

Eguna, dudarik gabe, gazteena da. Jaialdi formatuak hala izango zela aurreratzen zigun. Karparen kanpoaldean zeuden Ordizia eta Zarautzeko Marta, Nora eta Garazi lagunak. «Egun pasa etorri gara kausari laguntzera. Musika asko gustatzen zaigu, Berri Txarrak, Gatibu, Nogen… Euskal musikako panoramako ordezkari ugari bildu dira», adierazi dute.

Haiengandik gertu Txantxel eta Ainhoa zeuden, Erandio eta Algortakoak. Lehena bazen harpidea aurretik, baina bigarrenak kontzertuko sarrera erosterakoan eman zuen izena. Ainhoaren alaba eta bere lagunek 15 urte dituzte eta jaialdira joan nahi zuten «bai ala  bai», beraz, helduak ere animatu dira Donostiara joatera.

Barruko giroa

Barruan Su Ta Gar bere onena ematen ari zen. Pista beteta zegoen, baina harmailak ere bai. Pasabidetako eskilaretan eserita harrapatu ditugu Iñigo eta Maialen zumaitarrak. «Adierazpen askatasunaren alde gaude. Iruditzen zaigu herritarren eskubideak ere urratzen ari direla, badugulako prentsa mota hau jasotzeko eskubidea», adierazi dute. Jaialdiari buruz aipatu dute «euskal festa bizia» babesa biltzeko modu «erakargarria» dela. Hori esanda, arratsalde osoan zehar «GARAri emateko dirua gastatzen» jarraituko zutela esan dute, edalontzia altxatuz.

Donostiakoa den baina Madrilen bizi den Leire ere joan da jaialdira. ‘Bohemian Rhapsody’ filman aipatzen diren mikrokontzertu solidarioen formatua imitatu izana ontzat hartuta, «musika zuzenean entzuteko eta esku bat botatzeko kriston aukera» ikusten du. Era berean, «musikarien eskuzabaltasuna» azpimarratu du.

Donostiako Egia auzoko Irati eta haren aita, Jon, ere animatu dira festara. «Kontzertuak ikusi nahi zituen eta horregatik etorri gara, bestela beste modu batera bideratuko nuke laguntza», kontatu du Jonek. 11 urteko Irati da bertan egoteaz benetan pozik dagoena. Zein talde ikusi nahi duen galdetu ondoren egitarauko ia guztiak aipatu ditu zaleak. Kontsumo ereduen inguruan galdetuta, aitak argi dauka: «informazioa jasotzeko moduak aldatu egin dira», baina alabak ere zerbait badaki, «orain internetez!», esan du.

Egian bizi dira ere bai Ramon, Marisol eta Xabi ataundarrak. La Furiako kontzertua amaitzean harmailetan eserita topatu ditugu. Espoliazioak suposatzen duen «lapurretaren» kontra daude Illunben. GARA hedabide soil bat baino gehiago sentitzen duten horietakoak dira hiru lagunak, aspaldiko irakurleak, euren mezuekin ileak puntan jartzen dituzten horietakoak: «GARAn sinisten dugu, ezingo ginen halako informaziorik gabe egon. Kentzen badigute asko galduko dugu. Ez dago GARAren papera betetzen zuen beste hedabiderik».