Idoia ERASO

Euskarazko hezkuntzaren aldeko mobilizazio bateratua

Asteazkenean Hezkunde Nazionaleko ordezkariak Ipar Euskal Herriko eta Biarnoko hautetsiekin elkartuko dira Donapaleun. Horren karietara, euskarazko irakaskuntzaren aldeko elkarretaratzea deitu dute Seaska, Biga Bai, Euskara Geroan, Erakasleak eta Euskal Konfederazioak. Gobernuak Ikastolen Federazioari 10 irakasle postu emango dizkiola konfirmatu dute.

Biarritzen Seaskak ekainaren 7an antolatu zuen danborrada. Guillaume FAUVEAU
Biarritzen Seaskak ekainaren 7an antolatu zuen danborrada. Guillaume FAUVEAU

Ipar Euskal Herrian, eta Estatu frantsesean Pariseko Gobernuak eskualde hizkuntzekiko duen jokabideak protesta ekimen eta negoziaketa politiko anitz ekarri ditu azken hilabeteotan. Ekainaren 26an Donapaleun eginen den bilkuran, Olivier Dugrip Akademiako Errektorea eta Pierre Barriere Akademia Ikuskaria eskoletaz eta lurraldeko etorkizunaz mintzatzeko elkartuko dira hautetsiekin.

Elkarretaratzea murgiltze sistemaren aldeko aldarrikapena baino gehiago izanen da, orokorrean euskaraz egiten den hezkuntzaren aldekoa baita. Hori dela eta, azken hilabeteetan mobilizatu diren hainbat eragile elkartu dira elkarretaratze hau antolatzeko. Ikastolen federazioarekin batera hezkuntza publiko eta pribatu katolikoko hainbat eragilek egin dute deia: Biga Bai, Euskara Geroan eta Eraskaleak. Aldi berean, Euskal Konfederazioak euskarazko hezkuntzaren garrantzia nabarmendu du.

«Euskararik gabeko eskola eta Ipar Euskal Herririk ez baitugu onartuko, sare elebiduna eta murgiltze ereduaren defentsan eginen dugu elkarretaratzea» adierazi dute antolatzaileek.

Euskal konfederazioa

Euskararen aldeko eragileen konfederazioak elkarretaratzearen garrantzia azpimarratu du Pariseko Gobernuaren jazarpenak salatzearekin batera: «Azken urte, eta bereziki azken hilabete hauetan, etengabekoak dira euskararen eta euskarazko irakaskuntzaren kontrako erasoak».

Azken hamarkadetan zailtasunei aurre eginez lortutako aitzinamenduak Gobernuaren erabakien bidez «zinezko gibelapena» xede dutela agerian gelditzen dela ere baieztatu du Euskal Konfederazioak.

Irakaskuntza oztopatzean hizkuntza politika osotasunean eragiten duela nabarmendu du, hori dela eta «Ipar Euskal Herriko hautetsi guztiak deitu» ditu mobilizatzera.

Seaskan 10 postu

Ekainaren 7an Seaskak Biarritzen egin zuen danborrada egunean ezagutzera eman zuen Gobernuarekin negoziatu proposamena konfirmatu egin da. Hastapenean Hezkunde ministeriotik heldu den ikasturterako bost irakasle lanpostu eskaini zizkieten, baina hautetsiek Hezkunde Nazionaleko ordezkariekin egin negoziaketen ondorioz 10 postu finantziatuko lituzke.

Ikastolen federazioak 2018-2019 ikasturterako 30 postu behar dituela jakinarazi du, beraz 10 postuak ez dira aski. Seaska 13 postu bere gain hartzeko prest agertu da, baina Gobernuaren proposamena kontuan izanik ere 7 postu oraindik eskas lirateke, hori dela eta mobilizatuak segituko dutela jakinarazi dute.

Danborrada egunean, postuak lortzeko azken epe gisara ekainaren 28a aurkeztu zuen Paxkal Indo Seaskako presidenteak, egun horretan egingo baita federazioaren biltzar nagusia. Data hurbiltzen ari den honetan asteazkeneko mobilizazioak garrantzi berezia hartzen du.

Publikoan ere

Sare publiko elebidunean hiru eskolek hurrengo ikasturtean haur eskolan murgiltze eredua proposatzeko desmartxa administratibo guztiak egin ditu, eta baldintza guztiak bete ondoren, Ministeriotik horien irekitzeko baimena ukatu diete.

Beharrezkoak liratekeen baino postu gutxiago izanen direla ere salatu dute eskola publikoetako guraso eta irakasleek. Lizeoen erreforma berria ere mobilizazio ezberdinen arrazoi izan da. Bertan eskualde hizkuntzen (euskara barne) sare elebiduna arriskuan jartzen dela salatu dute behin eta berriz sare publiko eta sare pribatu katoliko eredu elebiduneko eragileek.