Protesta anitza euskarazko hezkuntzaren alde Donapaleun

Irakasle, guraso eta ikasleekin batera euskararen aldeko eragileak eta politikariak bildu dira Donapaleun euskarazko hezkuntzaren alde protesta egitera. Hautetsiak eta Hezkunde Nazionaleko ordezkariak biltzen dituen bilkurara sartu dira pankarta batean «Hemen gaude euskararen alde!» leloarekin.

NAIZ|2019/06/26
Guz_seaska_donapaleu_gfauveau-2
Ikasle, irakasle eta gurasoak elkartu dira euskararen alde. Guillaume FAUVEAU

Ipar Euskal Herria eta Biarnoko hautetsiak Hezkunde Nazionaleko Olivier Dugrip Akademia errektorea eta Pierre Barriere Akademia Ikuskariarekin elkartu dira Donapaleun, eta bilkura egiten ari den tokiaren aitzinean hamarnaka pertsona bildu dira protesta egitera. Momentu batean pertsona batzuk batzarra gauzatzen ari zen tokira sartu dira, euskararen aldeko aldarrikapena zuzenean helarazteko.


Murgiltze eredua eta elebiduna biltzen dituzten eragileak elkartu dira euskarazko hezkuntzaren alde egiteko. Hezkuntza eremuko Seaska, Biga Bai, Euskara Geroan eta Erakasleak elkarteekin bat eginez Euskal Konfederazioak ere egin du deia, eta eragile horien guztien ordezkariak bildu dira. EH Bai mugimenduko kideak ere han izan dira Pariseko Gobernuaren jokabidea salatzeko.

Euskara Geroan elkarteko Amaia Boloki eta Biga Baiko Marie-Andre Ouret izan dira, besteak beste. Deitzaileen artean ez bazegoen ere Ikas-Bi elkarteko gurasoak ere hurbildu dira. Euskal Konfederazioko Sebastien Castetek, baita EH Baiko Anita Lopepe eta Nikolas Blainek ere, beren kexua agertu dute.

Protesta eraikin barrura

Bilkura ospatzen ari zen tokira sartu dira protesta egitera. Mahai nagusian Pierre Barriere, Olivier Dugrip, Max Brisson senataria eta Alain Sanz Departamentuko auzapezen elkarteko presidentea zeuden. Zarataka sartu dira protestalariak «Hemen gaude euskararen alde!» garraisi eginez. Sanzek harrabotsik ez egiteko eskatu die «Ez gara autistak» hitzen bitartez, eta publikotik protesta egin dute autistak ez iraintzeko eskatuz.

Gaur goizean bilkura izan dute zenbait irakaslek eta guraso elkarteetako ordezkariek errektorea eta akademia ikuskariarekin.

Aldarrikapen anitzak

Euskarazko hezkuntzaren kontrako erabakiak anitzak dira Gobernu zentralaren aldetik, horregatik deialdi bateratua deitu zuten Donapaleun elkartu diren eragileak.

Seaskak eskatu zituen 30 postuetatik 10 bakarrik lortu ditu, eta bere gain 13 hartzeko prest agertu bada ere, 7 oraindik eskas ditu.

Hezkuntza publiko elebidunean Irisarri, Ainhoa eta Angeluko eskolek haur eskola euskara hutsez egin ahal izateko tramite administratibo guztiak bete ondoren baimenik ez diete eman irekiera gauzatzeko. Gela bakoitzeko ikasle kopuruak mugak gaindituko ditu irakasle aski ez direlako izanen.

Lizeoen erreformak hezkuntza elebidunari kalte egingo diola salatu dute.