Elkanoren gaineko gogoeta kritikoa bultzatzeko ekimena martxan da

Elkanori Bira ekimena sortu berri da, munduari bira lehen aldiz eman zion espedizioaren V. mendeurrenaren harira, bultzatu nahi diren omenaldi ofizialetan zabaldu nahi duten kontakizun historikoaren gaineko ikuspegi kritikoa lantzeko.

NAIZ|2019/06/30
Getaria
Elkanoren lehorreatzearen antzezpenaren irudia, iaz Getarian. (Gorka RUBIO/FOKU)

Kontatu diguten historiak dioenez, Joan Sebastian Elkanok marka handia egin zuen. Loiolako Inaziorekin batera bera dela euskaldun unibertsalena ere irakatsi izan digute. Duela bost mende Karlos V.a enperadoreak agindu eta Gaztelako Koroak ordaindutako espedizio hartatik, munduari buelta eman eta gero onik bueltatu zen itsasontzi bakarraren burua izan zen.

Bosgarren mendeurren horren harira omenaldien konpetizioa martxan jarri da. Dirutza bideratu da, hainbat kultur adierazpenen bitartez, historia ofizialaren transmisioa indartzeko. Are, Elkano marka ere prestatu dute. Espainiako Armadak inoiz egindako «balentria» handientzat dauka Elkanorena; EAEko instituzioek sortutako Elkano Fundazioarentzat, bere «balentriak» euskaldunok orduan «munduko itsasgizon onenak» ginela frogatzen du, «euskal izaeraren» ikur haragitutzat daukate, Euskal Herriko «enbaxadore» goren, handietan handienetakoa, hitz batean, «heroia».

Kontakizun horren aurka, bazterrean utzita, historia ofizialak borratu dituen «herri indigena, emakume eta inperialismoaren katea sufritu dutenak» gogora ekarriz, hainbat norbanakok eta eragilek ekimena aurkeztu dute. Elkanori Bira eman diote izena eta, dagoeneko, elkanoribira.eus webgunean ikus daitekeenez, ehun bat atxikimendu bildu dituzte.

Irabazleen historia

Diotenez, «Elkano heroi gisa aurkezteak eta saltzeak, boterearekiko eta interes politikoekiko loturetatik aparte, gure historiaren jabe ez izatera zigortzen ditu herritarrak». Eta horregatik historia ezin dela «nazionalismo neokoloniala sustatzen duten interesen mesedetara jarri», eztabaidarako eta jakintzarako tresna izan behar dela aldarrikatzen dute.

Are «irabazleek idatzitako historia gaur modu akritikoan aldarrikatzeak iraganeko akatsen errepikatzera garamatzala» eta sinatzaileek, ordea, bestelako etorkizun bati ireki nahi dizkiote ateak: «zapaltzaile eta zapaldurik gabekoa».

 

ARGAZKI GALERIA
Gaizka PEÑAFIEL | FOKU


Ostiral gauean En Tol Sarmiento Iekorako taldeak Bilboko Santana 27 aretoa hartu zuen, gazte ugari saltoka eta dantzan jarriz. Hona hemen Gaizka Peñafielek ateratako argazkien lagin bat.