naiz

Bidelagun elkarteak irekiko du Baztandarren Biltzarreko orgen desfilea

Landa eremuan gizarte boluntariotza garatzeko xedez sortu zen Bidelagun elkarteak hogei urte bete ditu aurten. Baztanen egindako lanaren aitortza gisa, uztailaren 21eko orgen desfilea irekitzeko ohorea izanen dute elkarteko kideek. Desfilearen ondotik, Elizondoko plazan neska zein mutilei Mutil Dantzan parte hartzeko deia egin die elkarteak. «Ez dugu Mutil Dantza baztertzailerik babestuko».

Uztailaren 21ean ospatuko duten Baztandarren Biltzarra aurkeztu dute. (BAZTANDARREN BILTZARRA)
Uztailaren 21ean ospatuko duten Baztandarren Biltzarra aurkeztu dute. (BAZTANDARREN BILTZARRA)

Baztandarren Biltzarreko orgen desfilean Euskal Herriko zazpi probintzietako musikari eta dantzariak izanen dira. Bertako taldeez gain, aurten, berritasun modura, San Francisco Basque Culture Center, Chino Basque Club, Kern County Basque Club (Bakersfield), Iparreko Ibarra Basque Club (Rocklin) eta Fresno Basque Club euskal etxeetako 50 musikariz eta dantzariz osatutako talde batek hartuko du parte desfilean.

Aurten, kartela, Karmele Gomez artistarena da. Irrintzi baztandar bat irudi bilakatu du, «sinestesia» deituriko zentzumenaren bidez.

Elizondoko Merkatu plazan eginen dute bazkaria. Baztandarren biltzarrak bertako nekazari eta abeltzainek ekoitzitako produktuen aldeko apustua egingo dute beste behin. Iaz bezala, bazkari txartelak 23 euroan salduko dira. Ohar baten bidez nabarmendu dutenez, sortzen diren hondakinak murrizteko lanean jarraitzen du elkarteak.

Baztandarren Biltzarra denendako besta izatea nahi du Baztandarren Biltzarra elkarteak. Horregatik, ez du Mutil Dantza baztertzailerik babestuko. Orgen desfilearen ondotik, Elizondoko plazan emakume zein gizonei Mutil Dantzan parte hartzeko deia egin die elkarteak. «Denek, gizon ala emakume den inporta gabe, bestaz gozatzeko aukera izatea ezinbertzekotzat jotzen dugu». Zentzu beretik, eraso sexisten aurkako protokolo berezia jarriko dute martxan.